Publicador de contenidos
Atrás Ostegunean hasiko dira uraren filtrazio sistema hobetzeko obrak
21·02·2023

Ostegunean, otsailaren 23an, hasiko dira uraren filtrazio sistema hobetzeko obrak: Zubieder enpresak eskuratu du lizitazioa. Usurbilgo ur-hornidura hobetu eta Andatzan sortzen den herriko ura etxebizitza gehiagotara iristea da lanen helburua: udalak, guztira, 878.500 euroko inbertsioa egingo du, eta aurreikuspenen arabera, obrak sei hilabete iraungo du.
Bi atal izango ditu uraren filtrazio sistema hobetzeko obrak. Batetik, San Esteban 1 deposituan filtro berriak jarriko dira, Erroizpeko iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatu ahal izateko, eta, bestetik, depositu hori eta Erroizpeko iturburuak lotzen dituen hodia berrituko da. Jatorrizko proiektua filtroak aldatzeko idatzi zen, baina obrak egingo direla aprobetxatuz, hodia ere aldatzea erabaki dute, berritzeko zuen premia ikusita. Inbertsioa gauzatzeko, 750.000 euroko partida bat gorde zen 2022ko aurrekontuetan, eta, horrez gain, beste 128.500 euro bideratzea erabaki zen 2022ko urriko ohiko osoko bilkuran, proiektuan egindako aldaketa horri eta prezioen gorakadari erantzuteko.
Usurbilgo etxebizitzak Erroizpeko zein Añarbeko urarekin hornitzen dira; giltzen bidez, bata edo bestea erabiltzeko aukera ematen du Usurbilgo ur sistemak. Gaur egun, Erroizpen dauden hiru iturburuen bidez Usurbilgo etxeen %40 hornitzen da (Zubieta, Aginaga, Santuenea, Txokoalde, Urdaiaga eta, kaxkoan, Kale Nagusitik beherako zatia). Filtrazio sisteman egingo den inbertsio honen bidez, Erroizpeko hiru iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatzeko aukera izango da: segundoko 11 litro ordez, 86 litro erabili ahal izango dira.
Obrak, guztira, sei hilabete iraungo du, eta, tarte horretan, lanak direla eta, iturburuetako emaria erabat moztuko da sei astez. Herritarrek, dena den, ez dute ur mozketarik jasango arrazoi hori dela eta, giltza sistemaren bidez Añarbeko ura erabiliko baita, %100ean, herri osoan.
Ur propioa eskura izanda, udalak berak kudeatzearen aldeko hautua egin dute. Izan ere, inbertsioak beste erakundeekiko burujabetza handiagoa izatea ahalbidetuko dio udalari, eta orain egingo duen inbertsioa zortzi-hamar urtetan amortizatu ahal izango du.
Beste pauso batzuk, aurreko urteetan
2021eko otsailean, San Estebango 1 eta 2 deposituak lotzen dituen hodia berritu zuen udalak. 2022ko otsailetik aurrera, Usurbilgo Udala da Erroizpeko uraren KZU Kontrol eta Zaintza Unitatearen arduraduna, ur horren titularra izateaz gain.
