Publicador de contenidos

Ospitaleko zuzeneko autobusa eskatzeko herritarrek abiatutako sinadura bilketa babestu du udalak

Buruntzaldeko autobusen zerbitzu berriarekin Usurbil eta Donostiako ospitalea lotzeko linea ezabatu du aldundiak. Herritarren haserrearekin bat eginda, sinadura gehiago biltzen lagundu nahi du udalak, paperak udaletxean, Sutegin, kiroldegian eta Potxoenean jarrita.

16·07·2021


Usurbildik ospitalera zuzenean doan autobusa berreskuratzeko herritarrek abiatutako sinadura bilketarekin bat egin du udalak, ospitaleko zerbitzuak “izaera berezia” duelako: “Ospitaleko linea hartzen duenak lanera joateko, bisitan edo zaintzera joateko hartzen du, eta bistan da murrizketa honek, batez ere, emakumeei eragiten diela, haiek baitira zaintza lanak egiten dituztenak”. Herritar talde bat sinadurak biltzen hasi da, eta lau egunean 800 sinaduratik gora lortu dituzte. Ekimena babestu du udalak, udal-ekipamenduetan ere sinadurak biltzeko aukera emanez: udaletxean, Sutegin, kiroldegian eta Potxoenean.

Herritarrekin bilera irekia egin zuen atzo udalak, Sutegin, euren eskaerekin bat egin eta atzo goizean bertan aldundiak Buruntzaldeko eta Tolosaldeko udal-ordezkariekin egindako bilerak emandakoak azaltzeko. Herritarrek bezala, udalak ere ezustekoa hartu zuen zerbitzu berria martxan jartzeko moduarekin: “Egun batetik bestera jarri dute martxan, eta udalei ez digute ezer esan”. Usurbilen kasuan, Buruntzaldearekin lotzen duen bi autobus linea baino ez ditu: Usurbildik Hernanira doana, Santueneatik eta Zubietatik pasatuta, eta Usurbildik zuzenean ospitalera doana. Lehenengoan atzerapenak izan dira zerbitzu berria martxan jarri denetik, eta bigarrena kendu egin dute.

Usurbilen ez ezik, eskualde osoan piztu du haserrea zerbitzu berriak. Eta horren erakusgarri da atzo goizean aldundiak deitutako bilera. “Presio baten ondorio da: aldundiak ez ditu bilerak egun batetik bestera antolatzen. Ezinegona eta haserrea nabaritu dituzte, eta horregatik deitu dute bilera. Gauzak konpontzeko konfiantza tarte bat emango diegu, baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Inportantea da presioa egiten jarraitzea”. Sinadura bilketa babestearekin batera, udal-gobernuak mozio bat aurkeztuko du asteartean egingo den uztaileko ezohiko osoko bilkuran.

Bilera horretan, aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Diputatu Rafaela Romerok adierazi zuen atzerapenak astelehenetik aurrera konpontzea espero dutela. Eta, Usurbilen kasuan, ospitaleetako linea berreskuratzeko borondatea dutela esan zuen, irailetik aurrera. Udalak uztailean eta abuztuan ere jarri behar litzatekeela nabarmendu zuen, baina, bileraren ostean, ez du uste halakorik gertatuko denik. Zerbitzua noiz ez ezik, nola berrabiaraziko duten ere ikusteko dago: “Beste era batera antolatzea aztertzen ari dira, ordutegiak zein maiztasunak: guk esan diegu euren akatsa ezin dutela erabiltzaileen bizkar utzi”. Romerok hitz eman zuen moldaketak martxan jarri aurretik proposamenak idatziz bidaliko dituztela udaletara.