Publicador de contenidos
Ospitaleko linea lehengo baldintza berdinetan berrezartzea eskatu dio udalbatzak, aho batez, aldundiari
21·07·2021
EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk aho batez onartu dute, uztaileko ezohiko osoko bilkuran, Usurbil eta Donostiako Ospitalea zuzenean lotzen zituen T2 linea (BU02 berria) lehengo baldintza berdinetan berrezartzeko eskatzea. Izan ere, linea hori “ez da edozein linea”, mozioan defendatu dutenez: “Izaera soziala azpimarratu behar da. Izan ere, ospitaleetan zerbitzu publiko bat eskaintzen den aldetik, hara iristeko irisgarritasun eta mugikortasun publikoa bermatu behar zaie herritar guztiei. Inor ez da gustuz joaten ospitalera, halabeharrez joan behar izaten dugu: lanera edota gaixoren bat zaintzera. Ondorioz, erabiltzaile asko eta asko emakumeak dira, eta gizarte sektore ahulenei eragin die murrizketa honek”.
Dena den, egoera birbideratzeko aldundiak “borondatea” erakutsi duela nabarmendu dute, eta “nahiz eta berandu iritsi”, elkarlan-eskaintza eskertu dute. “Pasa den astean egin bileran, mugikortasun departamenduak asmoa eta borondatea azaldu zuen usurbildarrei ospitaletarako lotura bermatu ahal izateko BU02 linea egokitzeko, irailetik aurrera. Irtenbideak bilatzeko eta egoera konpontzeko gure prestutasuna argia izango da”.
Mozioa osorik deskargatzeko.