Publicador de contenidos
Atrás Osasun etxean pediatra euskalduna jar dezan exijitu dio udalak Osakidetzari
05·03·2020
Pediatra berria jarri du Osakidetzak, behin-behinean, Usurbilgo osasun etxean, baina ez daki euskaraz. Hori dela eta, Osakidetzarekin eta Uemarekin harremanetan jarri da Usurbilgo Udala, arazo hori konpondu dezan. Izatez, aldaketa gertatuko zela jakin bezain pronto jarri zen udala Osakidetzarrekin harremanetan, bi eskaera egiteko: batetik, orain arteko pediatra bertan geldi zedin, eta, bestetik, hori egiterik ez balego, langile berria euskalduna izan zedin eskatzeko. Usurbilgo Udalak eta Uemak, elkarlanean, gutun bana igorri diete Donostiako ESIko pertsonaleko zuzendariari, Donostialdeko ESIko zuzendari gerenteari, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari eta Osakidetzako giza baliabideetako zuzendariari (behean irudia).
Izan ere, orain arteko pediatrak, oposizioak gaindituta, ezin izan zuen Usurbilgo postua hartu, Osakidetzak ez baitzuen eskaini. Osasun etxera iritsi berri den pediatra behin-behinean jarri du Osakidetzak: udalari jakinarazi dionez, epe luzerako kontratazioa egiteko hautaketa prozesua abiatu du, eta, aurreikuspenen arabera, apirilean iritsiko da langile berria.
Osakidetzarekin eta Uemarekin harremanetan jartzeaz gain, salaketa bana jarri zuen udalak Behatokian eta Elebiden. Usurbildarren hizkuntza eskubideak betetzeko eskatu dio Osakidetzari, alegia, pediatra berriak postuari dagokion hizkuntza eskakizuna bete dezala. Izan ere, Usurbil UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da. Euskara da nagusi herrian, eta osasun etxean ere euskaraz hitz egin ahal izatea berma dadin nahi du udalak. Kasu honetan, herriko haurrak artatuko dituen langilearen postua da aldatu dena. “Pediatra euskalduna izatea ezinbesteko baldintza da guretzat eta euskaraz bizi nahi duen herri batentzat”, nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, aldaketa zetorrela jakin bezain pronto Osakidetzari igorritako gutunean. Duela denbora bat hainbat urtez pediatra aritu zenak erretiroa hartu zuenetik, egoera egonkortzen ari zenean gertatu da, berriz ere, aldaketa. “Aldaketa horrek bereziki kezkatzen gaitu, etor daitekeen langilearen profesionaltasuna zalantzan jarri gabe, gaur egungo pediatrak dagoeneko herriko umeak eta errealitatea ezagutzen dituelako”, nabarmendu zuen gutun horretan alkateak.