Publicador de contenidos
Atrás Osakidetzak jarritako pediatra berriak ez daki euskaraz, eta egoera bideratzeko lanean ari da udala
21·02·2020
Pediatra berria dago Usurbilgo osasun etxean, eta Osakidetzarekin eta Uemarekin harremanetan jarri da Usurbilgo Udala, langile berriak ez baitaki euskaraz hitz egiten. Aldaketa gertatuko zela jakin bezain pronto idatzi zion udalak Osakidetzari, bi eskaera egiteko: batetik, orain arte pediatra aritu den langilea bertan geldi zedin, eta, bestetik, hori egiterik ez balego, langile berria euskalduna izan zedin eskatzeko.
Oposizioak gaindituta, esleipen prozesuan pediatrak ezin izan zuen Usurbilgo postua hartu, Osakidetzak ez baitzuen eskaini. Osasun etxera iritsi berri den langilearen egoera zein den argitu nahian dabil udala: behin-behinean jarri duten ala ez, zehazki. Osakidetzarekin eta Uemarekin harremanetan jartzeaz gain, salaketa bana jarri du udalak Behatokian eta Elebiden.
Usurbil UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da. Euskara da nagusi herrian, eta osasun etxean ere euskaraz hitz egin ahal izatea berma dadin nahi du udalak. Kasu honetan, gainera, herriko haurrak artatuko dituen langilearen postua da aldatu dena. “Pediatra euskalduna izatea ezinbesteko baldintza da guretzat eta euskaraz bizi nahi duen herri batentzat”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, Osakidetzari igorritako idatzian. Duela ez denbora asko, hainbat urtez pediatra aritu denak erretiroa hartu zuen, eta egoera egonkortzen ari zenean gertatu da aldaketa. “Aldaketa horrek bereziki kezkatzen gaitu, etor daitekeen langilearen profesionaltasuna zalantzan jarri gabe, gaur egungo pediatrak dagoeneko herriko umeak eta errealitatea ezagutzen dituelako”.