Publicador de contenidos
Atrás Ordenantza fiskalak egokitzea onartu dute, hasieraz
01·04·2022

Azken hilabetetan indarrean sartu diren legedi eta sententziek sortu duten egoera berrira egokitzeko, Usurbilen egun indarrean dauden ordenantza fiskalak aldatzea edo egokitzea proposatu dute udal teknikariek, eta hala onartu dituzte aldaketak martxoko osoko bilkuran, hasieraz, EH Bilduren botoekin; EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo dute. 30 egunez jendaurrean jarriko dute erabakia.
Hiru alderdiri eragiten die aldaketek. Batetik, Espainiako Epaitegi Konstituzionalak udazkenean emandako sententziak, Gainbalio zergaren oinarria kalkulatzeko erabiltzen zen modua edo metodoa Konstituzioaren aurkako zela adierazi ondoren, kalkulurako metodo berriak txertatu ditu Estatuan onartutako Lege Dekretuak. Jarraian, kalkulurako metodo berberak jaso ditu Gipuzkoan indarrean dagoen Foru Arau Dekretuak ere. Eta azkenik, martxoaren 9an Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako Foru Arauak, Gainbalio zergaren karga tasa ezartzeko gehieneko muga igo berri du %15tik %30ra pasatuz. Horregatik, Gainbalio zerga kalkulatzeko metodo berria erabiltzeak udalaren diru bilketan galera dakarrela ikusirik eta orain arteko zerga bilketaren antzeko zenbatekoak jasotzeko helburuarekin, Usurbilgo karga tasa %12tik %18ra igotzea proposatu dute Kontu-hartzailetzako teknikariek.
Bestetik, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata eguneratu eta zertxobait eguneratzeak, Usurbilgo Udalean indarrean dagoen udal zerbitzuen tasa eta prezio publikoetako hobari arautegia zentzu berean eguneratu eta egokitzea bidezkoa denez, hobariak jasotzeko diru sarreren muga berriak proposatu ditu Errenta teknikariak, orain arteko hobari aukera zertxobait gehiago zabalduz.
Hirugarrenari dagokionez, beste bi ordenantza fiskaletan aldaketa teknikoak sartu nahi dira, herritarrek eska ditzaketen hobarien tramiteak erraztu asmoz. Norabide horretan, Ondasun higiezinen zergan eta Ibilgailuen gaineko zergan aurreikusten diren hobariak eskatu nahi dituzten herritarrek ez dute agiri gehiago aurkeztu beharrik izango, baldin eta zerga bilketako langileek aipaturiko agiri eta datuak egiaztatzeko baimena jasotzen badute.
