Noticias
Atrás

Omenaldia

2021eko abenduko Udalberrin argitaratutako zutabea, Covid19ak hildako herritarren omenezko ekitaldiaz.

02·12·2021


Osasun larrialdia indargabetuta, bazirudien pandemiaren tunel beltzetik ateratzen ari ginela. Azken egunetako indikadore epidemiologikoek, ordea, besterik iradokitzen dute. Izurritearen bilakaerak okerrera egin du, eta herriko datuak badira horren isla. Lehengo asteko Osakidetzaren txostenaren arabera, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia 700dik gorakoa izan genuen Usurbilen, eta covid positiboak erruz ugaritu ziren egun gutxitan.

2020ko martxoan egin zuen eztanda pandemiak: 2021eko azaroaren 21era arteko datuen arabera, ordutik 624 herritarri erasan die gaixotasun honek, eta zortzi pertsona hil dira. Batez bestekoen azpitik egonagatik ere, Covid19-ak Usurbilen utzi duen arrastoa erakusten dute datuok. Baina zenbaki bakoitzaren atzean pertsona bat dago. Herrikide bat. Pandemia garaiak heriotzak eta eriak zenbaki huts bihurtu ditu, eta ezin gara horretara ohitu.  

Gutxiegi hitz egiten ari gara, ordea, heriotzaz, eta, batez ere, hiltzeko moduaz eta horrek gutako bakoitzean eragin duen sufrimenduaz. Konfinamendu garaiko neurri gogorren ondorioz, herritar asko bakardadean hil dira. Bai covidaren ondorioz hil direnak bai beste arrazoi batengatik zendu direnak. Hilabete askotan zehar hileta-errituak aldatu eta murriztu egin ziren, eta kasu askotan, bereziki Covid19 gaixotasuna zuten gaixoetan, ez da agur esateko aukerarik izan. Hutsunea besterik ez da egon.

Maite genituen pertsonei agur esatea oztopoz betetako bidea izan da. Hurbiltasunik gabekoa. Senitartekoak ezin izan dira azken une horietan bidelagun izan, ezin izan dute gaixoarengandik hurbil egon, eta ezin, ondorioz, azken agurra normal egin. Horrek ondorengo dolua zailago egin du. Izan ere, maite dugun pertsona inork laztandu gabe eta sufrimendu artean joan dela sentitzeak dolua zailtzen du, eta erruduntasun sentsazioa indartu. Ez dakit trauma hori inoiz gaindi daitekeen.
 
Herri-ordezkari gisa, min hori arintzen laguntzeko ardura sentitu izan dugu maiz. Zor moduko bat. Horregatik, trantze mingarri hori pairatu behar izan duten herrikideei gure babesa eta maitasuna eskaini nahian, abenduaren 12rako ekitaldi bat antolatu dugu, Bizkarreko parkean. Jokin Eizagirre herriko sortzaileak egindako artelana inauguratuko dugu. Covidaren ondorioz hil diren edota sufritu duten herritarrak oroitzeko gune bat eskaini nahi die Usurbilgo Udalak bere herritarrei. Hildakoak ez ezik, haien senitartekoak eta izurritean hainbat eta hainbat arlotan lan egin duten profesionalak eta herrikideak ere omendu nahi ditugu. Oroitzapenaren eta elkartasunaren gunea izatea nahiko genuke. Baina, oroz gain, itxaropenerako gunea izateko bokazioz sortuko da. Ez dezagun ahantzi gertatzen ari zaiguna. Hel diezaiogun, gizarte eta norbanako gisa, pandemia honen jatorriari. Sindemiari. Zizelka dezagun gure oroimen kolektiboan, gure ondorengoek berriz halakorik bizi behar ez dezaten.