Publicador de contenidos
Atrás Oinarrizko Lanbide Heziketan aurrematrikulatzeko epealdia ekainaren 3tik 14ra bitarte izango da
23·05·2019

Ekainaren 3an zabalduko da datorren ikasturtean Usurbilgo Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan aurrematrikulatzeko epea, eta ekainaren 14ra arte izango da zabalik. Oinarrizko Lanbide Heziketako Zikloa arautua da, eta doakoa. Honako ziklo hauek eskaintzen dira Usurbilen: oinarrizko lanbide-titulua sukaldaritza eta jatetxe arloan, eta oinarrizko lanbide-titulua ile-apainketa eta estetika arloan.
Oinarrizko ziklo horietan izena-emateko, honako bi baldintza hauek bete behar dira: batetik, 15, 16 eta 17 urteko gaztea izatea; eta, bestetik, DBH graduaturik ez izatea. Hala, lanbide heziketak eskaintzen duen programaren bidez, DBHko graduatua lortzeko aukera dute gazteek, eta, horrekin batera, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua lortzeko. Behin hori lortuta, erdi mailako zikloetara sarbide zuzena izan dezakete, edozein espezialitatetan, eta lan-munduratzea errazten zaie, izan ere, profesionaltasun-ziurtagiria ematen baitzaie.
Izena emateko aukerak
Esan bezala, beraz, ekainaren 3an zabalduko da epealdia, eta izena emateko bi bide daude:
1) Oinarrizko Lanbide Heziketaren webgunean: www.ohl.usurbil.eus, eta bertan aurrematrikula on-line egiteko aukera izango da.
2) Hitzordua eskatu lhi@usurbil.eus helbidean edo 943 36 04 65 telefonora deituta.
