Noticias
Atrás

Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak emateko Eusko Jaurlaritzako emandako eskumenaren eskuordetzea onartu dute, aho batez

Modu horretara, Usurbilgo Udalak 2015/2016 ikasturtean hasitako bideari eutsiko dio: eskuordetza berria 2025/2026 ikasturte amaierara artekoa izango da. EH Bilduk aldeko boto “kritikoa” eman zuen, dekretu berriak gabeziak dituela argudiatuta.

08·09·2021


OLH Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloen eskumenaren eskuordetzea onartu dute, aho batez, iraileko ezohiko osoko bilkuran. Eskuordetzearen lehenengo ikasturtea gaur hasi berri dena da, eta azkena 2025/2026koa izango da. Udalak zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartuko duen bigarren aldia izango da: lehenengoa 2015/2016 ikasturtean izan zen, 2020ko ekainera arte iraun zuena, eta urtebetez luzatu zuten, Covid19a dela eta, Eusko Jaurlaritzak ez zuelako dekretu berria lantzerik izan.

Ezohiko osoko bilkurako puntu bakarra izan zen, eta ez zen eztabaidarik izan. Alderdi guztiek egin zuten eskuordetzea onartzearen alde, eta EH Bildu izan zen bere botoa arrazoitzeko hitza hartu zuen bakarra. Euren aldeko bozka “kritikoa” zela azaldu zuen Beñat Larrañaga Hezkuntza zinegotziak. “Dekretu hau gaizki eta berandu kudeatu da, Hezkuntza departamentuak OLH munizipalekiko duen ardura gabeziaren erakusle”. Izatez, 2021eko martxoko osoko bilkuran mozio bat aurkeztu zuen koalizioak udalen esku dauden OLH zentroak indartzeko eskatzeko.

Hezkuntza Sailak landutako dekretuari EH Bilduk egindako ekarpenak nabarmendu zituen Larrañagak: “Gizarte langilearen figura barne biltzea lortu dugu, baita udalek defizita baldin badute Jaurlaritzak hori asumitzeko aukera ere, eta, horrez gain, udalek gain finantziazioa egiteko aukera jasotzea ere, idazkaritza eta udal kontu hartzaileek eragozpenik jarri ez dezaten”. Dena den, eskatu dituzten eta dekretuak barne hartzea lortu ez duten ekarpenak ere aipatu zituen Larrañagak: “Ez dugu finantziazioa behar adina hobetzea lortu: lehen zirriborrotik, 40 milioi eurotik, 37 milioira jaitsi da diru kopurua azken dekretuan, eta ez dugu lortu inbertsioak egiteko diru lerro propioa sortzea”. Izan ere, Larrañagak azaldu duenez, legez, zerbitzuaren kostu osoa Jaurlaritzak bere gain hartu behar badu ere, udalek bitarteko ekonomiko gehigarriak jarri behar izaten dituzte zerbitzua bermatzeko.

Koalizioaren ustez, OLH-ek paper garrantzitsua du gizarte kohesionatu eta orekatu bat garatzeko tresna gisa, eta uste du Eusko Jaurlaritzak ez dituela behar beste hartzen kontuan: “Hezkuntza departamentua ez dugu prozesu honetan gaiak gizarte kohesiorako izan dezakeen balioaz jakitun ikusi”.