Publicador de contenidos

Oiardo Kiroldegia: erabilera baldintzak

Ekainaren 8an zabalduko dute gimnasioa, eta hilaren 15ean, igerilekua. Gimnasiorako hitzordua hartzeko aukera izango da ostegunetik aurrera.

01·06·2020


Hiru hilabeteren ostean, kiroldegia irekiko dute ekainaren 8an: zehazki, gimnasioa izango da irekiko dutena. Izan ere, mailakatua izango da irekiera: gainerako udal-zerbitzuen kasuan bezala, hitzordua eskatu beharko da, 943 37 24 98 telefonora deituta: ostegun honetatik aurrera. Datozen egunetan gutun bat bidaliko diete erabiltzaile guztiei. Igerilekua astebete beranduago irekiko dute, hilaren 15ean.

Desinfekzio protokolo bat egin dute kiroldegiko arduradunek. Horren arabera, egunean lau aldiz desinfektatuko dute instalazio guztia kiroldegiko langileek. Horrez gain, erabiltzaileei ere desinfekzioan laguntzeko eskatu diete, gainerako erabiltzaileekiko erantzukizunez, norberak erabilitako espazioa desinfektatuz.

Prebentzio neurriak direla eta, zenbait baldintza jarri behar izan dituzte gimnasioaren zein igerilekuaren erabilera mugatzeko. Behean, gaur-gaurko baldintzak: astez asteko balorazioa egingo dute, eta erabileraren arabera zein une bakoitzean udalaz gaindiko erakundeek ezarritako irizpideen arabera, eskaintza handitu daitekeen aztertuko dute.

Ordutegiari dagokionez, honakoa izango da:

  • Astelehenetik ostiralera: 07:00 – 12:30 / 14:30 – 22:00
  • Larunbatetan*: 08:00-13:30 / 15:30-21:00
  • Igandetan: 09:00 – 13:00

* Larunbatetan, irekiera ordubete aurreratu dute, eta eguerdian ixtea erabaki, garbiketa lanak egiteko.

Txanda batzuk propio gordeko dira 65 urtetik gorako herritarrentzat, haurdun daudenentzat zein arrisku taldeetako kide izan daitezkeenentzat. Horrez gain, abuztuan ez da itxiko kiroldegia. Uda ezohikoa izango denez, hilabete horietarako gazteei zein helduei zuzendutako ikastaroen eskaintza handitzea aztertzen ari dira.

BALDINTZA OROKORRAK

  • Aurrez zita hartuta, 943 37 24 98 telefonoan.
  • Txandak, gehienez, ordubetekoak izango dira.
    • Ordubete horretan egin beharko dute: sartu, erabili eta atera.
  • Txanda bakoitzean, ilara egin beharko dute kiroldegiaren kanpoaldean, eta kiroldegiko langileek adierazitakoan sartu.
  • Ostegunetan hartu ahal izango dira hurrengo asterako zitak.

EKAINAK 8, GIMNASIOA

  • Aldagelak ezin dira erabili: etxetik kirolerako arroparekin jantzita joan beharko dute erabiltzaileek, eta nork bere toalla eraman beharko du (eramaten ez dutenek, ezingo dute sartu).
  • Gehienez, 45 minutuz erabili ahal izango dira makinak: gero, erabilitako makina desinfektatu, eta ranpatik atera beharko dute.
  • 35 erabiltzaile, gehienez, orduko. Gimnasioko gelan eta eskubaloiko pistan jarriko dituzte makinak.
  • Eguneko txanda bat hartu ahal izango da.

EKAINAK 15, IGERILEKUA

  • Aldagelak erabili ahal izango dira.
  • Txandak:
    • Igerileku handian:
      • Kale bat, igerilari bat.
      • 45 minutu igeri egiteko; 15 minutu dutxatzeko, gehienez.
    • Igerileku txikian:
      • Bitan banatuko dute; erabiltzaile bana bakoitzean.
      • Familiek eta kolektibo bereziek soilik erabili ahal izango dute (igerian ikasten ari direnek, adibidez).
      • Ordu eta laurdeneko txandak: ume txikiak tarteko, aldatzeko denbora gehiago izan dezaten [45 minutu erabiltzeko, 30 minutu aldatzeko].
      • Aldagela mistoko komun egokituetan dutxatu beharko dute, baliabideak egokituko dituzte familiak erosoago aldatzeko.
      • Aldagelak erabili ostean, espazioa desinfektatzeko eskatuko zaie.
  • Erreserbak
    • Igerileku handian: astean gehienez hiru aldiz.
    • Igerileku txikian: astean gehienez bi aldiz.

Diruaren itzulketa

Osasun krisiak eztanda egin zuenean esan bezala, udalak ez die dirurik kobratuko erabili ez den zerbitzuengatik. Horregatik, datozen asteetan hasiko dira zerbitzua etenda egon den epeari dagokion diru kopurua itzultzen [martxoaren 14tik ekainaren 15erako tartea erreferentziatzat hartuta]. Ikastaroen zein abonamenduen kasuan egingo dira itzulketak, kiroldegia itxita egon den aldiarekiko proportzioan. Prozesu nahiko konplexua izanik, “ahalik eta epe laburrenean” itzultzen saiatuko dira dena.

 

IREKIERA TXANDA ETA DESFINFEKZIOEN PLANGINTZA