Publicador de contenidos

Obrez betetako uda izan du Usurbilgo Udalak

Horrez gain, Hirutasuna eta Etxebeste kaleetako urbanizatze obrak azaroan bukatzea aurreikusten dute udal ordezkariek.

04·09·2017


Uda garaian ere lanez lepo aritu da Usurbilgo Udala. Izan ere, usurbildarrak oporretan joan eta herria jende gutxiagorekin dagoela baliatuta, egokitze eta berritze lan ugari burutu dira udalerrian. Hainbat pintaketa zein asfaltatze lanez gain, eskoletan eta parke zein jolasguneetan hainbat hobekuntza egin dira.

Pintaketa lanei dagokienez, udaleko hainbat eraikinen barrualdea margotu da, besteak beste, AEK-n, Aginagako Eskola Txikian, Ludotekan eta haurreskolan. Gainera, Sutegi udal-liburutegiko kanpoko fatxada pintatu eta yoga egiten den lokalaren zorua berritu da.

Aste hauetan hainbat asfaltatze lan burutu dira behar gehien zeuzkaten bideetan, Entzarrain bidean, Kale Nagusian eta Osinalde poligonoan, esaterako. Horrez gain, Artzabal parean eta Kalezarko Ostape inguruan bi zebrabide altxa eta egokitu dira.

Lan ezberdinak eskoletan

Gainera, eskoletan zenbait hobekuntza egin dituzte. Esaterako, Udarregi ikastolako fatxadetan inpermeabilizazio lanak egin dira. Agerialden, berriz, lehen solairuko komunak berritu eta zaintza-gelako zorua berritu da. Horrez gain, Zumarte musika eskolako material guztia lekualdatu da eta datozen egunetan Aginagako Eskola Txikiko eszenatokia babestuko da.

Parke zein jolasguneei dagokienez, Askatasuna plazako aterpean haurrentzako joko berriak margotu eta San Estebango parkeko lorategiak berritu dira.

Bestelako lanak

Aurrez aipatutako lanez gain, Santueneko udal etxebizitzan egokitze lanak burutu, San Estebango ur depositotik Berritzabarrenaraino ur hodia berritu, Alperroburu 8ko urbanizazioa bukatu eta hilerri berriko handitze lanekin hasi dira. Gainera, hurrengo asteetan Erroizpeko urtegia hesiz inguratzeko lanak gauzatuko dira.

Bukatzeko, Oiardo kiroldegiko spinning eta yoga-zumba geletan aire girotua izango dute erabiltzaileek aurrerantzean, beste hainbat mantenu-lanen artean.