Publicador de contenidos
Atrás Negozioen jarraipena planifikatzeko doako formakuntza saioak, Usurbilgo merkatarientzat
18·11·2025

Beterri Buruntza Mankomunitateak kide dituen herrietako negozioen ondorengotza ahalbidetzeko lan-ildoa jarri du martxan azken asteotan: doako bi formakuntza saio eskainiko ditu herri bakoitzean, tokian tokiko merkatariei zuzenduta, beraien negozioen jarraipena planifika dezaten. Usurbilgo bi saioak abenduaren 9an eta 16an izango dira, Potxoenean, eta galdetegi bat beteta eman daiteke izena; abenduaren 9ra arte izango da horretarako aukera.
Tokiko merkataritzak bizi duen testuinguru zailean, establezimendu jabeen erretiroak eta negozioen itxierak herrietan eragin ditzakeen balizko galerei aurre egitea da ondorengotza lantzeko arrazoia. Hala, erretiroa gertu duten eta beren negozioa itxi nahi ez duten establezimenduen jabeei euren negozioaren jarraipena eta eskualdatzea modu planifikatuan prestatzeko formakuntza emango du Beterri Buruntza Mankomunitateak kide dituen herrietan (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil).
Merkatarientzat ordutegi egokiena delakoan, Usurbilgo bi saioak 14:00etatik 16:00etara bitartean izango dira, Potxoenean. Lehenengo saioan langile autonomoen erretiroaren funtsezko alderdiak landuko dituzte, eta, bigarrengoan, enpresa txikien balorazioaren ingurukoak. Datozen hilabeteetan, saiook mankomunitateko gainerako udalerrietan emango dituzte.
Formakuntza saioez gain, Beterri Buruntza Mankomunitateak doako aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen du etengabe, pertsona bakoitzaren erritmora eta beharretara egokituta. Hitzordua eska daiteke enpresa@beterriburuntza.eus helbidera idatzita, edo 943 244 523 telefonora deituta.
Usurbilgo Udaletik zein mankomunitatetik deialdia egin diete bertako merkatariei gerturatzeko; izan ere, talde txiki eta erosoetan landuko dira negozio bat eskualdatzeko jakin beharreko gakoak, eta espazio egokia da bakoitzaren behar zein kezkak partekatu ez ezik, erantzuna ematen hasteko. Ondorengotza egitasmoko “Zuk duzu giltza, aldatu eskuz” leloaren bitartez merkatariak ahaldundu nahi dira, elkarrekin herriguneak zein industrialdeak bizirik mantentzeko.

