Publicador de contenidos

Atrás N634 errepidea itxiko dute, asteartetik asteazkenerako gauean, tren geltoki berriko zubia jartzeko

Ekainaren 3an, 22:00etan hasi, eta ekainaren 4ko 06:00etara bitartean egingo dira lanak, eta trafikoa herrigunetik bideratuko da. Beste behin ere moztuko da errepidea, aurrerago, zubiaren zoruko hormigoia botatzeko. Udalaren aurreikuspenen arabera, abuztuan San Esteban kaleko obrekin hasteko modua izango du.

29·05·2025


ETS tren geltoki berriko zubia jartzera doa: asteartetik asteazkenerako gauean egingo du, 22:00etatik 06:00etara bitartean, eta N634 errepidea itxiko da, lan egin ahal izateko. Hala, trafikoa, orokorrean, herrigunetik bideratuko da; garraio publikoari, larrialdi zerbitzuei edo kamioiei utziko zaie N634tik pasatzen. Egun zehatza ezagutzen ez bada ere, mozketa gehiago izango direla ohartarazi du ETSk, zubiaren zoruko hormigoia bota eta pasabideari lotutako lanak amaitzeko.

Horrez gain, tren geltokiko hegoaldeko nasa berria ere laster jarriko da martxan: ETSren aurreikuspenen arabera, uztailaren 11tik 13rako asteburuan izango da hori. Eguna gerturatu ahala, seinaleak jarriko dituzte aldaketaren berri eman eta behin-behineko sarbide berria non izango den adierazteko.

Udala eta ETS elkarlanean ari dira elkar eragiten duten obra bana dutelako. ETSren geltoki berriak baldintzatu ditu udalaren San Esteban kalearen urbanizazio eta egokitzapen lanak. Udalaren aurreikuspenen arabera, abuztuaren erdialdera hasi ahal izango du San Esteban kaleko lanekin, eta urrian amaituta egon daiteke. Geltoki berria, berriz, urte amaiera eta 2026 hasiera artean irekitzea aurreikusten du ETSk.