Noticias
Atrás

Mugiment kirol txartela erabilgarri izango da Usurbilen, gaurtik aurrera

Mugiment kirol txartelaren bidez, Oiardo kiroldegiko bazkideek Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herrietako kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte, kostu gehigarririk gabe. Era berean, beste herrietako kiroldegietako erabiltzaileek Usurbilgoak erabili ahal izango dituzte.

01·12·2023


Gaurtik aurrera, Mugiment kirol txartela erabilgarri izango da Usurbilen ere, Usurbilgo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu ostean. Txartel horren bidez, Mugiment kirol txartelarekin bat egin duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herrietako kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte usurbildarrek, kostu gehigarririk gabe, eta baita alderantziz ere.

Hori egin ahal izateko, erabiltzaileek Kirol Txartela Mugiment aplikazioa deskargatu beharko dute (erabilgarri dago Google Playn zein App Storen), eta erregistratu. Aplikazioaren bidez egin ahal izango dituzte erreserbak: kiroldegi bakoitzak kudeatuko ditu erreserba horiek (onartuz edo ukatuz). Kirol instalazioan, NAN txartela eta txartel birtuala erakutsi beharko dituzte.

Jarduera fisikoa eta kirola egiteko erraztasunak eman eta aukerak biderkatzea da Mugiment kirol txartelarekin bat egiteko erabakia, Xabat Beloki Segurola kirol zinegotziaren esanetan: gaur egun, Mugiment kirol txartelaren erabiltzaileek 90 herri inguruko 157 kirol instalazio erabiltzeko aukera dute.

Udalerri bakoitzak aukera dauka erabakitzeko kirol txartelaren bidez zein zerbitzu eskainiko dituen, eta zein ordutegitan; zerbitzu horiek aldagarriak izan daitezke, momentuko beharren arabera (obra edo ekitaldi bereziren bat badago, esaterako). Usurbilgo kasuan, igerilekua eta gimnasioa erabili ahal izango dira, honako ordutegian:

Astelehenetik ostiralera: 07:00-09:00 / 14:30-16:00 / 20:30-21:30

Larunbatetan: 09:00-10:00 / 13:00-21:15

Igandetan: 09:00-10:00