Publicador de contenidos
25·09·2020
Duela bi aste inguru Greziako Moria errefuxiatuen gunean izandako sutea gogoan hartuta, mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk iraileko osoko bilkuran, eta udalbatzako hiru alderdiek aho batez onartu zuten. Usurbilgo Udalak “harrera hiritzat” duenez bere burua, elkartasuna adierazi die euren bizilekuetatik alde egin beharrean izan diren pertsonei, eta, horrez gain, herrian hartzeko prest agertu da udala: “Gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egitekoa ere”.
Duela bost urte sortu zen errefuxiatuentzako gunea Morian: 3.000 lagun hartzeko gaitasuna zuen, baina “kontrolik gabe” hazten joan da, 12.000 lagun hartzeraino. Hori guztia, mozioan gogoratu dutenez, Europak beste aldera begiratu eta batasuneko estatu kideek errefuxiatuak artatzeko konpromisoa (2015-2016 artean sinatutako banaketa kupo hura) alboratu duten bitartean. Udalak, errefuxiatuak herrian hartzeko prestasunaz gain, konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egiteko prest dagoela adierazi du. Halaber, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatu die krisi humanitario horri aurre egiteko premiazko neurriak har ditzatela, elkartasuna eta justizia oinarri, migrazio eta asilo arloan, pertsonei eta giza-eskubideei lehentasuna emanez. Gipuzkoako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, berriz, eskatu die jarrera aktiboa eta solidarioa izan dezaten tragedia horren aurrean, eta ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela.
Pobreziaren inguruko mozioa, berridaztekotan
Urriaren 17an Pobreziaren Nazioarteko Eguna denez, mozio bat aurkeztua zuen EH Bilduk. Mozioaren idazketan ñabardura batzuk aldatzeko proposamena egin zuen EAJk, eta ahalik eta talde gehienen babesa lortzea helburu, mozioa ez bozkatzea eta hurrengorako idazketa moldatzea erabaki zuten.