Publicador de contenidos

Atrás Matiak ‘Egurtzegi’ inauguratu du, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea

Usurbilgo zaintza ekosisteman integratuta egongo da Egurtzegi. Guztira, 127 pertsonarentzako lekua du, eta lehenengo egoiliarrak egunotan sartzea aurreikusten da. Zazpi etxegune izango ditu: 6 adinekoentzat eta bat aniztasun funtzionala dutenentzat.

11·07·2023


Matia Fundazioak Egurtzegi inauguratu du, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea. Guztira, 127 erabiltzailerentzako lekua du Egurtzegik: lehenengo egoiliarrak egunotan sartuko dira bertan bizitzera. Inaugurazioan parte hartu dute Mari Carmen Garmendia Matiako Patronatuko presidenteak, Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jaione Artieda Egurtzegiko zuzendariak. Horiez gain, Usurbilgo zaintza eredu berria sortzeko prozesuan parte hartu zuten eragile eta herritarren ordezkaritza zabala izan zen bertan. Orbeldi dantza taldeko kideek egin zuten hasierako agurra.

Egurtzegi zentro berritzailea da, gizarte arloari zein hirigintza arlotik ere. Izan ere, Matiak adineko pertsonei zuzendutako arreta-eredu berri bat jarriko du praktikan jarriko, halabeharrez hona etorri behar izan duen pertsona etxean bezala senti dadin lortzeko. Egurtzegiren kanpoko zein barruko diseinu arkitektonikoak arreta eredu horretan sakontzen du: etxebizitzek osatzen dute, ez logelek, eta 15 eta 20 pertsona artean biziko diren etxeguneen arabera diseinatu dute.

Egurtzegi Usurbilgo zaintza ekosistemaren barruan integratuko da. Usurbilek lan handia egin du, azken urteetan, herri zaintzailea izateko norabidean, hurbileko zerbitzuetan eta tokiko zaintza-ekosistema bat sortzen. Solaberrietak, hain zuzen, urteetan egindako elkarlana nabarmendu du: “Elkarlana Matia, Foru Aldundia eta Usurbilgo Udalaren artean, bai eta Usurbilen bestelako zaintza eredu bat eta horren jira-biran eraiki beharreko zaintza ekosistema bat sortu eta martxan jartzeko bizpahiru urtez luzatu den parte hartze prozesu zabalean parte hartu duten eragile komunitarioen artean”.

Solaberrietak azaldu duenez, zaintza eredu berriak pertsona bakoitzaren lehentasunak, nahiak eta erabakiak aintzat hartuko ditu, bere bizi-proiektuan hausturarik ez eragiteko. Horretarako, herriko zaintza ekosistemak eskaintzen dituen aukerak profitatuz, pertsona bakoitzarentzat egokitutako ibilbide osoak eta pertsonalizatuak marraztea da xedea: “Hau da, pertsona bat, zaintza plan bat”. Ekosistema osatzen duten eragileen arteko elkarlana, koordinazioa eta sistematizazioa bermatuko duen antolaketa gorpuzten ari dira, zerbitzuen arteko koordinazioa, koordinazio soziosanitarioa eta komunitatearekin elkarlana bermatzeko: antolaketa berrian nabarmen handituko da gizarte zerbitzuen lidergotza.

Guztira, 110 bizileku eskaintzen ditu, 127 lagunentzat. Elkarren artean konektatuta dauden baina modu independentean funtzionatzen duten lau eraikinek osatzen dute. Bizilekuak zazpi etxegunetan biltzen dira, hainbat solairutan banatuta. Lau bizikidetza-unitate mendekotasuna duten adinekoei zuzenduta daude; beste bi profil psikogeriatrikoa duten adinekoei, eta horietako bat dibertsitate funtzionala duten pertsonei; bi gune dituen eguneko zentro bat du, horietako bakoitza 20 pertsonarentzat prestatua. Plaza guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itunduta daude.

Egurtzegiko egoiliarrek aukera izango dute euren etxebizitza barruko zein sartu aurreko espazioan euren etxeetatik ekarritako altzariak edo objektuak jartzeko. Hain zuzen ere, elementu pertsonal horiek lagungarriak izaten dira dementzia duten pertsonentzat, orientatzen laguntzen baitie.

Bizilekuaren gune nagusia logelak eta egongelak osatzen dute. Armairu batek bereizten ditu, pribatutasuna errazteko. Bakoitzak bere komuna du, zaintzaileei lanak egiten laguntzeko adinako dimentsioa duena.

Egurtzegik, halaber, komunitateari irekitako zerbitzuak ditu, hala nola ile-apaindegia eta terraza duen taberna-kafetegia, aisialdirako eta bizilagunen arteko harreman informaletarako gune izan nahi dutenak.

Izenaren jatorria

Mari Carmen Garmendia Matiako patronatuko presidenteak azaldu duenez, euren egoitzei tokiko toponimiaren araberako izenak jartzeko bokazioa dute. Egun zaintzadun etxebizitzen auzunea dagoen eremua izendatzeko bi erreferentzia topatu dituzte: bat, 1579ekoa, eremu horrek Egurtzegi izena zuela esaten duena, eta beste bat, 1616koa, Egurtzegi baserrikoa izango zen Katalina izeneko emakume bat aipatzen zuena. Hortik datorkio izena Matiaren gune berriari.

Finantzazioa

Egurtzegik 6.4 milioi euroko finantzaketa izan du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik, Matiak eta aldundiak sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez (2,8) eta Foru Aldundiak kudeatzen duen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozen Europako funtsen bidez (3,6). Bestalde, Usurbilgo Udalak %90eko hobaria eman du, Zerga Ordenantzan obrak zergapetzen dituena, eta 480.000 euroko ekarpena egin du irisgarritasun unibertsaleko proiektuari lotuta.