Publicador de contenidos

Atrás Martxoaren 8rako “borrokarako, elkartzeko eta ospatzeko” egitarau bateratua osatu dute Kafe Tertuliak, Usurbilgo Emakumeon Etxeak eta udalak

Martxoaren 8an, arratsaldean, Emakumeen Etxeko Asanblada, elkarretaratzea eta pikoteo musikatua egingo dituzte. Pikoteorako sarrerak asteazkenean jarriko dituzte salgai, 10 euroan, Aitzagan, Txirristran eta Artzabalen.

23·02·2024


Kafe Tertuliak, Usurbilgo Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak eta udalak Martxoaren 8rako egitarau bateratua osatu dute, “borrokarako, elkartzeko eta ospatzeko”. Hala jakinarazi dute, gaur, hiru taldeetako ordezkariek egindako prentsaurrekoan, eta parte hartzeko deialdi irekia egin dute, euren aldarriekin bat egiten duen ororentzat.

Martxoaren 8rako prestatutako egitarauak “borrokarako, elkartzeko eta ospatzeko” helburuak ditu. Hala, Emakumeen Etxeko II. Asanblada, elkarretaratzea eta pikoteo musikatua egingo dituzte, 18:00etan hasita. “Dei berezia egin nahi diegu emakumeei batzar horretan parte hartzeko”, nabarmendu dute. Iaz egindako I.go Asanbladaren ondotik, aurtengoaren helburua izango da Emakumeon Etxearen funtzionamendua zein izango den gogoraraztea, osatzen ari diren programazioa partekatzea eta ideia berriak jasotzea, eta, azkenik, martxoaren 23ko irekiera prestatzea. Horren ostean, hainbat emakumeren ahotsak aterako dituzte plazara, Mikel Laboa plazan egingo duten elkarretaratzean. Azkenik, pikoteo musikatua egingo dute, Artzabalen, ohiko bertso afariaren ordez: “Modu informalagoan egoteko espazioa sortu nahi izan dugu, inklusiboagoa, belaunaldi artekoa; elkar ezagutuz, ahizpatasuna lantzeko”.

Martxoaren 8ko egitaraua

18:00. Emakumeon Etxeko II. Asanblada, Potxoenean.

Ondoren, elkarretaratzea, Mikel Laboa plazan.

21:00. Pikoteo musikatua, Artzabalen. Sarrerak otsailaren 28an jarriko dituzte salgai, 10 euroan, Aitzagan, Txirristran eta Artzabalen.

Kafe Tertulia

Herriko neska gazteen bilgune Kafe Tertuliak bi ideia nagusi plazaratu ditu. Batetik, Martxoaren 8ak aldarrikapen egun izaten jarraitzearen garrantzia nabarmendu du, eta deialdi feministetara gerturatzeko gonbita egin. “Dei berezia egin nahi diogu cis-heteropatriarkatuagandik zapaldua den baina Martxoaren 8a bere sentitzen ez duen orori: zeharka zein zuzenean jasaten dituzten zapalkuntzak azter ditzaten eta duten garrantzia eman diezaieten. Batzen gaituen problematikak eragindako ezinegona kolektibizatzeko tresna segurua eta baliogarria da borroka feminista”.

Bestetik, 2023ko azaroko greba orokorreko leloa berreskuratu du: “Aurtengo Martxoaren 8 honetan inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu guk ez dugula sistema hau zainduko”. Gogoratu dutenez, badira sei urte mugimendu feministak zaintzaren auzia “agenda politikoaren erdigunean” jarri zuenetik, 2018ko eta 2019ko Martxoaren 8ko grebetatik hasita. 2020An, konfinamendu betean, Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feminista jarri zen martxan zaintzaren auziari heltzeko, eta, azkenik, 2023ko udazkenean Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako lehen greba feminista orokorra, Denon bizitzak erdigunean lelopean.

Nabarmendu dutenez, feminista usurbildar ugarik egin zuten bat greba egunarekin, zaintza sistema iraultzeko borrokarekin bat egiteko: “Herritarren aldetik lortutako parte-hartze eta inplikazio mailari esker, zaintzaren auzia balorean jarri eta borroka indartu genuen”. Egun hartan, aldarrikapen zehatzak plazaratzeaz gain, epe motz, ertain eta luzeko dinamika batez hitz egin zen: “Herri Akordio bat erdiesteko beharra mahai gaineratu zen”.

Usurbilgo Udala

Udalaren aldetik, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, Herri Akordioa lortzeko ahaleginak aukera eman dezake, Usurbil herri zaintzailea izateko helburua ardatz hartuta, herrian modu kolektiboan eraikitzen ari diren zaintza ekosistema indartzeko. Zaintza eredu berriaren muina nabarmendu du, labur gogoratuz: “Pertsona ardatz izango duen eredu komunitarioa ari gara eraikitzen. Pertsona bakoitzaren behar eta nahiei egokitutako bizi-planak eskaini nahi ditugu. Zaintza behar duen pertsonak komunitateko kide izateko espazioa eta aukera izan behar du: eta ez zainduak soilik, baita horren zaintzaileak ere”.

Ohartarazi duenez, herri zaintzailea izateak herritar guztiak interpelatzen ditu: “Zaintza herria egituratzen duen aldagaia izatea nahi dugu, eta horrek zaintza zeharlerrotasunez lantzea eskatzen digu, bai udaletik, bai komunitatetik”. Hain justu, komunitatearen lantaldea horretan ari dela lanean nabarmendu du, “merkatariekin, auzo elkarteekin, jubilatu elkarteekin, jai batzordeekin, hezkuntzan eta abar”. Alkatearen esanetan, Emakumeon Etxeak horretan guztian sakontzen jarraitzeko aukera emango du.

Usurbilgo Emakumeon Etxea

Usurbilgo Emakumeon Etxeko talde sustatzaileko kideek nabarmendu dutenez, Emakumeon Etxea herriko emakumeentzako erreferentziazkoa izango den espazioa izatea nahi dute, baina ez dute topagune huts izan dadin nahi: “Sareak sortzeko, aholkularitza jasotzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizikidetza sustatzeko, emakumeen ahalduntzea, parte-hartzea eta presentzia eta ikusgarritasuna lantzeko, eztabaida, hausnarketa eta aldaketak ikuspegi feministatik pizteko gunea izatea nahi dugu”.

Izan ere, ohartarazi dutenez, “sexu edo generoagatiko desberdintasunak gizarte desorekaren arrazoi handienetako bat izaten du, gaur egun ere; ez bakarrik lanaren eta ekonomiaren esparruan, baita komunitatearen eraikuntzan ere: ezin da komunitate bat eraiki, komunitate horren zati batek ez baditu eskubide eta aukera berberak komunitate horren gizarte bizitzan parte hartzeko. Eta gaur-gaurkoz, emakumeon gainkargak, zaintzarekin lotutakoak nagusiki, herritartasun osoa egikaritzea mugatzen digu, aurrez esan den bezala”. Horregatik, hain justu, da beharrezkoa eremu propioa eta ahalduntzeko tresnak eta baliabideak eskaintzea: “Emakumeon Etxeak horretarako gune izan nahi du”.