Publicador de contenidos

Atrás Martxan dago Etxealdiko igogailua

Amaitu dira Etxealdia eta Kale Nagusia lotzeko igogailuaren obrak: udal-ordezkariek eta auzotarrek elkarrekin estreinatu dute. Igogailura iristeko espaloia eta San Esteban 12 atariarekin modu irisgarrian lotzeko arrapala ere egin dira.

12·02·2026


Martxan dago Etxealdiko igogailua, obrak amaituta: udal-ordezkariek eta auzotarrek elkarrekin estreinatu zuten, atzo arratsaldean. Igogailuak 12 metroko desnibela gainditzen du, eta Etxealdia Kale Nagusiarekin lotzen du: Kale Nagusia 10 atariaren parean du goiko geralekua. Guztira, 773.700 euro inguruko inbertsioa izan da, eta ia erdia Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza batekin finantzatua izan da (370.000 euro). Azpiegitura berriaren helburua herritarren eta batik bat Etxealdiko bizilagunen eguneroko mugikortasuna erraztea da.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eta Iratxe Begiristain Otegi zinegotziak bizilagunekin batera estreinatu zuten igogailua, atzo. Aurreko legealditik dator udalaren eta bizilagunen arteko elkarlana: auzoaren beharrak identifikatzeko saioak egin zituzten, eta Etxealdiko Irisgarritasun Plana osatu zuten. Auzo osoan hobekuntzak egiteko neurriak jaso ziren dokumentuan, eta lau fasetan gauzatzea adostu zuten. Igogailua, hain zuzen, azken fasean kokatu zen, besteak beste, aurrekontu altua zuelako: proiektuak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza handi bat jaso zuenez, aurreratzea erabaki zen. Igogailu berriak bi begiraleku ditu, eta igogailura iristeko espaloia eta San Esteban 12 atariarekin modu irisgarrian lotzeko arrapala bat ere eraiki dira.

Bestetik, Etxealdiko Irisgarritasun Planari lotuta, San Esteban kalea oinezkoentzat egokitzeko lanak ere egin dira, bi fasetan. Kalearen goiko zatia egin zen 2023an, eta beheko zatiko obrak amaitzear dira, orain. Bigarren zatiko obrak tren geltoki berriaren obren menpe egon dira, geltokia eta San Esteban kalea lotzen dituen zubia berritu behar baitzuen ETS-k, zubiaren oina igotzearekin batera. Hori egin ostean hasi ziren San Esteban kalearen bigarren zatia egokitzeko obrak.

San Esteban kalea eta igogailua gauzatuta, auzoaren beheko zatia egokitzea faltako da. Hain zuzen ere, IUPI Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralean txertatu du udalak. Urtarrileko osoko bilkuran onartu zuten plana, aho batez eta hasieraz: GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, jendaurrean jarriko da, interesdunek ekarpenak egin ditzaten: halakorik ez bada, behin betiko onartuta geldituko da. San Esteban kalearen jarraian, berdegunea etxebizitzetara hurbildu eta aparkalekuak berrantolatuko dira, oinezkoentzako segurtasun eta irisgarritasun baldintzak hobetzeko.