Publicador de contenidos
Atrás Martxan da OinHerri herri hezitzaileko Usurbilgo taldea
06·05·2021
Udarregi ikastolako haur hezkuntzako ikasleek Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Usurbili oparitutako zuhaitza landatu dute, gaur, hilerri zaharrean. Modu horretara, batetik, herriko eragileek haurrekin doluaren gaia lantzea dute helburu, eta, bestetik, herritarrek joan zaizkien senitartekoak eta lagunak oroitzeko eta beraiekin bizi izandako uneak gogoratzeko toki bat izatea. Datozen asteetan, Aginagan eta Zubietan gauza bera egingo dute, eskola txikietako ikasleekin.
Zuhaitzaren landaketa Usurbilgo OinHerri taldearen lehenengo ekintza izan da. Udalak bideratutako talde horretan herriko hainbat eragilek parte hartzen dute (Noaua, Udarregi, Aginagako eskola txikia, Zubietako eskola txikia, Gaztelekua eta Ziortza), eta taldearen jarduna hasteko horixe izan da aukeratu duten ekintza: iaz Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Amaren intxaurrak ikuskizunean Usurbili oparitutako zuhaitza landatzea.
Iazko otsaileko osoko bilkuran onartu zuten Usurbil OinHerri sare hezitzailearen parte izatea, eta ekainean sinatu zuten udalaren eta OinHerriren arteko hitzarmena. Herri hezitzaileen sareko herrien arteko esperientzien trukea ahalbidetzen du Oinherrik, baita tokian tokiko eragileen arteko sinergiak bilatu ere. Izatez, iaz sortu zuten taldea, baina osasun krisiak zaildu egin zuen lanean hastea bera. Jada martxa hartua dute, ordea, eta ekainean aurkeztuko dute taldea eta emango dituzten hurrengo pausoak.