Maiatzaren amaierara arte luzatuko dira Txikierdiko obrak
09·03·2023
Beste hiru hilabete luzatuko dira Txikierdin trenbidearen eta errepidearen arteko horma indartzeko lanak. Urtarrilaren 3an hasi zen Gipuzkoako Aldundia lan horiekin, eta otsailaren 28rako amaitzea aurreikusi zuten. Udalari jakinarazi dionez, martxoaren 3an eman zituzten amaitutzat lan horiek, baina obrak egin bitartean konturatu dira horma sendotuaren alboko zatiak “antzeko patologiak” dituela, eta, beraz, beharrezkoa dela zati hori ere sendotzea.
Aldundiaren esanetan, maiatzaren 31ra arte luzatuko dira lanak. Tarte horretan, beraz, errei bakarra izango da irekita, eta behin-behineko semaforoekin gidatuko dute trafikoa; trafiko handiko uneetan, beharrezkoa balitz, langileen bidez egingo dute. Orain indartuko duten horma zatia jada konpondutakoaren ondoan dagoenez, semaforoak orain arte egon diren lekuetan mantenduko dituzte.