Publicador de contenidos
Atrás Maiatzaren 28an Zubietako Herri Batzarreko batzarkideak hautatzeko deialdia egin dute
31·03·2023

Usurbilgo eta Donostiako alkateek deialdi bateratua sinatu zuten, atzo, maiatzaren 28ko hauteskundeetan Zubietako Herri Batzarreko kideak hautatzeko. Egun horretan, zubietarrek batzarreko kide izango diren sei lagun hautatuko dituzte: hiru donostiar eta hiru usurbildar, guztiak ere Zubietan helbideratuak. Aurten berritasuna izango da hauteskunde-mahaia Kaxkapen egongo dela, Alamandegin beharrean: beraz, bozka eman nahi dutenek Kaxkapera hurbildu beharko dute.
Deialdiarekin batera, hauteskundeen inguruko hainbat xehetasun gogorarazi dituzte:
ZER HAUTATZEN DA? Zubietako Herri Batzarreko 6 kide hautatuko dira: 3 donostiarrak eta beste 3ak usurbildarrak, guztiak Zubietan helbideratuak.
ZENTZUK DIRA BATZARRAREN FUNTZIOAK?
- Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
- Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
- Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
- Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
- Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
- Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.
NOR AURKEZTU DAITEKE? Edozein hautesle izan daiteke hautagai, zein bere aldean. Hautagai izateko beren nahia idatziz jakinarazi behar diote dagokion Udalari, eta horretarako maiatzaren 2tik 10era arteko epea izango dute.
NOLAKOA IZANGO DA BOTU-TXARTELA ETA NOLA GAUZATUKO DA BOZKETA? Udal bakoitzak botu-txartel bakarra argitaratuko du. Botu-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen bi hautagaiak X batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako hiru hautagaiak izango dira batzarkide.
NOIZ ETA NON IZANGO DA BOZKETA? Bozketa maiatzaren 28an izango da, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Kaxkapen.
|
EGUTEGIA |
|
Maiatzak 2-10 (biak barne). Hautagaiak aurkezteko epea. Hautagaiek idatziz jakinaraziko diote beren nahia dagokion Udalari. Maiatzak 9. Mahaia osatzeko zozketa egingo da. Maiatzak 11. Hautagaien aldarrikapena. Maiatzak 22. Aurrez botoa emateko aukera. Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko 08:00etatik 14:30era. Maiatzak 28. Hauteskunde eguna. Goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00etara, Kaxkapen. |
