Publicador de contenidos

Atrás Lurraldebusek herrian ematen duen zerbitzua hobetzeko zenbait eskaera egin dizkio udalak aldundiari

BU02, BU10 eta UK09 lineatan geltoki berri bana gehitzeko eskatu dio udalak Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun sailari, baita zerbitzuen arteko konexioak hobetzeko eta zenbait geltokiren izendapenak egokitzeko ere.

09·02·2026


Usurbilgo Udalak zenbait eskaera egin dizkio Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun sailari, Lurraldebusek herrian ematen duen zerbitzua hobetzeko. Eskaera gehienek garraio publikoaren erabilera bultzatzeko helburua dute: herritarrek ahoz zein idatziz egindako eskaerak bere egin eta aldundira bideratu ditu udalak. Zerbitzuen arteko konexioak hobetzeko eta hainbat geltokiren izendapenak berrikusteko eskaera ere egin du.

Herrian zerbitzua ematen duten BU02, BU10 eta UK09 autobus lineatan autobus geltoki berri bana ezartzeko eskatu dio udalak aldundiari. BU02k Usurbil Donostiako Ospitaleekin lotzen du: gaur egun, geltoki bakarra du herrian Zelaundi kalea, biribilgunea —, eta bigarren geltoki bat jartzeko eskatu da, San Inazio kaleko 3. zenbakian. Linea horren erabiltzaileak, batez ere, adineko pertsonak eta ospitalera joan-etorriak egin behar dituzten herritarrak izaten dira, eta haientzat erosoagoa litzateke San Inazioko geltokia baliatu ahal izatea, udalak bere eskaeran azaldu duenez: “Egungo geltokitik herrigunera igotzeko pendiz handia igo edo jaitsi behar da: zailtasun handikoa da, eta arriskutsua izan daiteke haientzat”.

BU10 linearen kasuan, erabiltzaileek, batik bat Zubietakoek eta Santuenekoek, BU02 eta UK09 autobusa hartu ahal izateko arazoak izaten dituzte, BU10 lineak San Inazio kalean baitu geltokia: batetik bestera joateko aldapa jaitsi edo igo behar izaten dute. Horregatik, BU10 linea Zelaiaundi kalea, biribilgunea geltokian ere gelditu dadin eskatu du udalak. Linea horri lotuta, bigarren eskaera bat ere bideratu da, Zubietako Lanbide Eskolaren eskariz: ikasleek ikastetxerako joan-etorriak garraio publikoz egin ahal izateko, autobusaren ordutegia berrikustea eskatu da.

UK09 lineak, Donostiarako noranzkoan, San Inazioko biribilgunean du herriguneari zerbitzua ematen dion geltokia. Tren geltoki berriaren obrak amaitzear izanik, duela zenbait urte egin zen aurreikuspen bat berreskuratu, eta jada urbanizatua dagoen eremuan autobus geltoki berria gehitzeko eskatu du udalak. “Garraio publiko ezberdinen arteko konexio nodoak edo guneak sortzeak berebiziko garrantzia du, baita geltokiak herritarren etxebizitzetatik gertu egoteak ere. Kasu honetan, Etxealdia eta Santuenea auzoei eta herrigunearen ekialdeko bizilagunei gertuko zerbitzua eskainiko lioke, eta horrek erabilpenean isla izan dezake”.

Beste bi eskaera ere bideratu ditu udalak. Batetik, herriko geltoki guztietan identifikazio poste bana eta ordutegiak jartzea, ahal bada, panel elektronikoen bidez. Bestetik, hainbat geltokiren izendapenak aldatzeko eskatu du, egokiagoak proposatuz: Kalezarko geltoki berria “Escaleras” gisa identifikatzen du Lurraldebusek, eta “Kalezar-Ugaldea” gisa identifika dezan eskatu dio; “Aginaga auzoa 31 parean, Aginaga surtidor” gisa identifikatzen duena “Aginaga gasolindegia” izendapenagatik aldatzeko; “Aginaga auzoa 12 Errazti” bezala identifikatzen duena, “Aginaga erdigunea” izatea; “Aginaga auzoa 5 Biona” esaten duen lekuan, “Galardi” esatea; “Txikierdi auzoa Merkatalguneko sarrera” jartzen duen lekuan “Txikierdi-Arsuaga” jartzea eta “Txikierdi auzoa 7 Donostiarantz, Urbil biribilgunea” jartzen duen lekuan “Urbil” jartzea.

Udalak aldundiari bidalitako eskaera berean azaldu duenez, garraio zerbitzua hobetzeko bi proiektu ditu esku artean udalak. Batetik, Txokoaldeko gasolindegiaren parean, semaforo bidezko zebrabide bat eta bi noranzkoetarako autobus geltoki seguruak izateko proiektua idatzi zuen: aldundiarekin adostutako proiektua da, eta haren baimena ere jaso du udalak. Bestetik, Santueneko autobus geltokiak lekuz aldatuko ditu, markesina berriekin, egungo geltokien kokapenek trafikoa oztopatzen baitute.