Publicador de contenidos

Atrás Likidazio lanetan murgilduta, 2019ko kontuen balorazio positiboa egin du udaleko kontu hartzaileak

Urtarrileko ezohiko osoko bilkuran izan zen Usurbilgo Udaleko kontu hartzailea, azken hiruhileko kontuen exekuzioaren berri emateko udaleko hautetsiei.

10·02·2020


Urte natural bat amaitzen den bakoitzeko, urte horretako kontuak ixteko lanetan aritzen dira udaleko kontu hartzaileak urte berriko lehenengo hiru hilabeteetan: beraz, 2019ko kontuak martxoaren 31n itxiko dira behin betiko. Dena den, hiru hilabetero kontuen inguruko informazioa eskatzen dio kontu hartzaileari bai Gipuzkoako Foru Aldundiak bai Usurbilgo udal arauak. Hala, urtarrilaren 21ean bidali zion kontu hartzaileak txostena aldundiari, eta astebete geroago, ezohiko osoko bilkuran egon zen kontu hartzailea, informazio hori udaleko hautetsiei helarazteko.

Likidazio lanetan murgilduta dabiltza kontu hartzailetzako langileak, baina datuen orain arteko balorazio bat aurreratu du kontu-hartzaileak: “Korporazio aldaketa izan zen 2019an, eta horrek zailtasun erantsiak izaten ditu, baina baldintza hori kontuan hartuta, aurrekontuaren exekuzioa ona dela esango nuke, aurreko urtekoa baino handiagoa: arau guztiak betetzen dira, eta, beraz, balorazioa positiboa da”. Datuak behin-behinekoak dira, itxierari “azken ukituak” ematen ari direlako, eta halaxe ohartarazi zuen plenoan ere: “Aurrerapen bat baino ez dira, oraingoz”.

Olanok aurkeztutako dokumentuan, gastuei, inbertsioei eta sarrerei dagozkien atalak ageri dira. Gastuak, gaurko egunez, aurreikusitakoen %70,68an bete dira. Inbertsioak, berriz, hiru ataletan ageri dira, fase diferenteen arabera nola exekutatu diren azaltzeko: gaurko egunez, %83,11 esleitu dira, %97,51 baimendu eta %32,20 obligazio onartu (ordainketa agindu). Izan ere, inbertsioek hainbat fase izaten dituzte: lehenik obrak baimendu egin behar izaten dira, gero esleitu, eta, azkenik, obrak amaitzen direnean, ordaindu. Zumarte musika eskolaren kasuan, esaterako, 2018an baimendu zen obra, baina atzerapenak tarteko, 2020an ordainduko dira lan gehienak. Sarrerei dagokienez, %84,45 exekutatu dira gaurko egunez (iaz baino 6 puntu gehiago, oraingoz). Urte barruan kobratutako sarrerak (zergak, transferentziak...), batez bestekoa %91,32koa da. Olanoren esanetan, “2018koa baino txukunago” doa 2019ko exekuzioa.

 

Hiru arau, oinarrian

Hiru arau berezik gidatzen dute udalen kudeaketa ekonomikoa, Olanok azaldu zuenez. Batetik, aurrekontuaren egonkortasuna izenekoa dago: ohiko diru sarrerek ohiko gastuek baino gehiago izan behar dutela arautzen du. Ezohiko diru-sarrera bat litzateke, esaterako, mailegu bat. Olanok emandako datuen arabera, gaur egun, ohiko sarrerak 11,3 milioi eurokoak dira, eta ohiko gastuak, berriz, 10,5 milioikoak: araua betetzen da, beraz.

Bestetik, zor bizia izeneko araua dago: udalaren zorrak ezin du izan sarrera arrunten ehuneko jakin bat baino gehiago; aurten, %72 da ehuneko hori (estatuak jartzen du ehuneko horrek zein izan behar duen). Usurbilen zor bizia %16,84koa da gaurko egunez. “%72tik urrun dago: osasuntsu dago, baina hobea ere izan zitekeen; badaude 0tik gertu edo zorrik ez duten udalak ere”, Olanoren esanetan. Adibide bat: inbertsioak atalka ordaintzen dira, eta zor bizia da guztizko zenbatekotik ordaintzeko falta dena. Udalak 2 milioi euroko mailegua hitzartzen badu, eta bi urtetan 200.000na euro ordaindu baditu, zor bizia 1,6 milioikoa izango da.

Azkenik, gastu araua dago: administrazio publiko batek ezin du bere gastua nahi adina gehitu, gastu arauak gehienezko kopuru bat ezartzen baitu. Aurreko urtean gastatutakoa eta estatuak jartzen duen igoera bat izaten da gehienezko muga hori (2019An, igoera %2,7koa izan zen): BPG-ren arabera jartzen du igoeraren ehuneko hori. Udalak, diru gehiago izan arren, ezin du muga horrek ezartzen duena baino gehiago gastatu. Arau horrek badu salbuespen bat: gastu arauak ezarritako muga gaindi daiteke, baldin eta aparteko hori aurreko urtetik (2018) sobratu den diruarekin ordaindu bada. Hau da, inolako proiekturi edo gasturi aurre egiteko izendatzen ez bada diru kopuru bat, diru hori udalaren poltsa komunera doa, eta hori erabil daiteke gastu araua gainditzen denerako. Gastua poltsa komunean dagoen diruarekin estaltzen bada, ez dago arazorik; hala ez bada, legez behartuta legoke udala bi urteko finantza plan bat eskatzera. Aurten, gastu arauaren muga gainditu da, 587.000 euroan, baina ez da arazorik izan poltsa horrekin ordaindu delako guztia. “Muga-mugan gabiltza, baina komeni da hala izatea, bestela, hurrengo urterako gastuen langa guk geuk mugatuko baikenuke”, azaldu du Olanok.

 

2019ko kontuak martxoaren 31n itxiko dira, eta buelta horretan izango dira behin betiko datuak emateko moduan. Horrez gain, legez behartuta ez egon arren, udalak bere kontuak ikuskatzea eskatu ohi dio udalaz kanpoko enpresa bati: ondo bidean, otsaileko ogasun batzordean izango da enpresa hori 2018ko kontuen ikuskatzeen berri emateko.