Noticias
Atrás

LH5-6 mailako multikirolen inguruko hausnarketa saioak, otsailetik aurrera

Multikirolen inguruko hiru saio egingo dituzte, hausnarketa kolektiboa bultzatzeko. Zoru pelbikoaren ikastaroak izandako harrera nabarmendu dute: bi talde osatu dira. Udaz geroztik, hainbat hobekuntza egin dituzte Kirol Sailean: orain, gimnasiorako material berria erosteko 8.000 eurorekin zer egin erabakitzeko aukera emango diete kiroldegiko erabiltzaileei.

24·01·2023


Eskola Kirolari lotuta, LH5-6 mailako multikirolen inguruko hausnarketa saioak egingo dituzte, otsailetik aurrera; saio guztiak Potxoenean izango dira, 18:30ean. Duela bospasei urte Usurbilen Eskola Kirolaren inguruan abiatutako eraldaketaren ondotik, LH5-6 mailetako multikirolaren eskaintzan jarriko dute arreta, hausnarketa modu kolektiboan egin nahian.

Multikirolen inguruko hausnarketa egiteko beharra, besteak beste, mahai gainean jarri zen Aktibatzen, jarduera fisikoa eta kirola denon eskura parte-hartze prozesuan, eta Plan Estrategikoan lan-ildo gisa bezala jaso dute. Beñat Larrañagak azaldu duenez, duela bospasei urte egin zen Usurbilen Eskola Kirola eraldatzeko lehenengo ahalegina, eta hala sortu zen Zirimara. Zinegotziaren esanetan, urtez urte indartu egin da proiektua (talde bana sortuta Zubietan eta Aginagan eta Zirimara familian proiektuari esker). Oraingoan, LH5-6 mailako haurren multikirolaren eskaintzan jarri dute arreta.

LH5-6 mailan, Usurbilen, urte erdiz futbolean eta urte erdiz eskubaloian aritzen dira, eta sexuaren arabera egiten dira taldeak. “Hainbat galdera sortzen zaizkigu: ea multikirola deitzen duguna bi kiroletara murriztu behar dugun edo kirol gehiagotara ireki, edo taldeak sexuaren arabera banatu behar ditugun, eta abar”, azaldu du Larrañagak.

Hausnarketa modu kolektiboan egin nahi dute, eta heziketaren eta kirolen alorrean aritzen diren norbanako zein taldeez gain, interesa izan dezakeen herritar eta guraso orok parte har dezake. Guztira, hiru saio antolatu dituzte: lehenengoan, gaiaren inguruko kokapen orokorra egingo dute; bigarrengoan, Usurbilgo errealitateaz jardungo dute, eta, hirugarrengoan, berriz, proposamen zehatzak landuko dituzte. Hona egitaraua:

Otsailak 1.

  • Hizlariak:
    • Javier Yanci Irigoyen (EHUko ikerlaria): “Kirol hastapena: espezializazioa vs kirol aniztasuna”.
    • Unai Asurmendi (Gipuzkoako Aldundiko Kirol Planifikaziorako teknikaria): “Gipuzkoako Eskola Kiroleko eredua”.
    • Uxue Fernandez Lasa (EHUko ikerlaria): “Aniztasuna Eskola Kirolean: zer dago jokoan?”.
    • Juan Aldaz Arregui (EHUko ikerlaria): “Usurbilgo Eskola Kirolaren erronka EkitAktiboak”.
  • Oharra: saio honetara joateko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.

Otsailak 22. Usurbilgo errealitatea, indarguneak eta ahulguneak.

Martxoak 15. Proposamen zehatzen lanketa.

Zoru pelbikoaren ikastaroa

Aktibatzen parte-hartze prozesutik eratorritako 2022-2026rako Plan Estrategikoaren barruan, zoru pelbikoaren ikastaroa antolatu dute, emakumeei zuzenduta, euren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Azaldu dutenez, egunerokoan, hamaika kontuk eragiten diote zoru pelbikoari: zentzu horretan, zoru pelbikoaren informazio zehatza helarazi, eta hori zaintzeko kontzientzia piztu nahi izan da ikastaroa antolatuta. Eskaintzak izandako harrera ona nabarmendu dute prentsaurrekoan. Izan ere, bat beharrean, bi talde osatu dira. Urtarrilean hasi den ikastaroa martxora bitartean egingo da, eta hamar saio izango ditu, teoria eta praktika uztartuko dituztenak.

Kiroldegiari lotutako azken hobekuntzak

Prentsaurrekoa baliatu dute, azkenik, udaz geroztik kiroldegian egin dituzten azken hobekuntzen berri emateko: dutxa hotza jarri dute saunan, tresna gehiago jarri dituzte gimnasioan (eliptika berri bat, bizikleta gehiago eta bestelako materiala), sarrera/irteeretarako tornu berriak jarri dituzte, segurtasun kamera berriak eta komun egokitu berria jarri dute harreran.

Larrañagak azaldu duenez, aurten beste 8.000 euro bideratuko dituzte gimnasioko makinak berritzeko, eta diru horrekin zer erosi erabakitzeko aukera emango diete erabiltzaileei: galdetegi bat prestatu dute horretarako, Internet bidez edo kiroldegiko harreran bete ahal izango dena, eta otsailaren 3a izango da erantzuteko azken eguna. Azkenik, jakinarazi dute Haraneko etxea berriz ere erabilgarri dagoela.