Publicador de contenidos
Atrás Legealdiko Planean jasotako neurrien %60,77 eginda edo martxan daude
08·10·2021
Legealdi erdia pasatuta, azken bi urteetako balorazioa egin du udal-gobernuak: Legealdi Planaren betetze maila “izugarria” da, euren esanetan. Udal-gobernuak 2020ko urtarrilean aurkeztu zuen Legealdiko Plana, Usurbiltzen lelopean: lau urteko agintaldian egin beharreko 130 neurri aurkeztu zituzten. Bi urteren ostean, neurrien %60,77 martxan edo eginda daude (39 eta 40, hurrenez hurren). Neurri guztiak kontsulta daitezke Usurbiltzen webgunean, betetze mailaren arabera, baita egin diren neurri berriak eta martxan dauden neurri berriak ere.
Legealdiko Planean 130 neurri jaso bazituzten ere, bi urteotan apartekoak ere sortu dira: batzuk, bidean hala suertatuta, eta, beste batzuk, Covid19ak eraginda. Neurri berriak 88 dira, eta horietatik 68 daude martxan edo eginda.
|
Eginda |
Martxan |
Zehaztuta |
Zehaztu gabe |
Guztira |
Legealdi Planekoak |
40 [%30,77] |
39 [%30] |
21 [%16,15] |
30 [%23,08] |
130 %100 |
Apartekoak |
56 |
12 |
11 |
9 |
88 |
Guztira |
96 [%44,04] |
51 [%23,39] |
32 [%14,68] |
39 [%17,89] |
218 [%100] |
Hala, Legealdi Planean jasotakoak (130 neurri) zein bidean sortu direnak (88) aintzat hartuta (guztira, 218), neurrien %67,43 daude eginda edo martxan (hurrenez hurren, 96 eta 51). Gainerako neurriei dagokienez, bi multzo sailka daitezke: kronograman zehaztuta daudenak (legealdiko planeko 21 eta 11 berri) eta oraindik zehaztu gabe daudenak (legealdiko planeko 30 eta 9 berri).
Aparteko neurriak. Askotarikoak dira aparteko neurriak. Ondoak dira esanguratsuenetako batzuk: zaintza ereduari buruzko parte-hartze prozesua, merkatu libreko etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak, oinarrizko euskara klaseak adinekoentzat, LGTBI lan ildoa aktibatzea, kotxe konpartitu elektrikoa, saneamendu mahaia osatzea, gazteen enplegu plana aktibatzea (energia teknikaria kontratatuz), Eskola Kirolerako sarbidea errazteko dirulaguntza, errotarri eta mugarrien lanketa, Txokoaldeko Erroizpe aurreko plaza txukuntzea, oinezkoei lehentasuna ematea Zumarte aurrean, Iruin eta Artzabaleta batzen dituen bidea txukuntzea, Zirimara zabaltzen jarraitzea edo Usurbil Suspertuz martxan jartzea.
Legealdi Planeko izarrak, martxan.
Covidak baldintzatutako legealdia izan arren, Legealdi Planean jasotako proiektu izarrak martxan daude.
Proiektua |
Egoera |
Emakumeen Etxea |
Parte-hartze prozesua, eginda. Obrak amaitu eta 2023 hasieran irekitzeko aurreikuspena. |
Txirikorda |
Obrak esleituta; urrian hastekoak dira. 2023 hasieran martxan egoteko aurreikuspena. |
Jatorri aniztasuna |
Urriaren 26an aurkeztuko diete herritarrei lanketarako plana; talde bat osatzen saiatuko dira. |
Herri/auzoak |
Zubieta. “Guk Zubietan zer?” parte-hartzea, HAPOaren barruan. Txokoalde. Udal-ekipamenduaren birgaitzea eta Txokoargi auzo elkartearen sorrera. Aginaga. Eliza Zarra + HAPOren lanketa. Kalezar. Udal-ekipamendua sortzeko parte-hartze prozesua eta auzo elkartea berraktibatzea. Santuenea. Auzoaren eraberritze integralerako auzo plana osatzeko parte-hartzea, martxan. |
Zaintza-ereduari buruzko parte-hartze prozesua |
Talde eragilea, martxan. |
Zapategi |
Akordioa lortu berri Gureak, Balfer eta Michelinekin. |
Gertuago.eus |
Usurbilgo merkataritza bultzatzeko egitasmoa, erreferentzialtasuna lortzeko lanean. |
Kultur Bira |
Kultur ekitaldien erreferentziazko leiho bihurtu da. |
Oinherri |
Talde eragilea, martxan. |
Euskaraldia |
Euskara batzordea sortu da. Jubilatuen euskara ikastaroak. |
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra |
2022an onartu nahi dute, hasieraz. |
Memoria eta bizikidetza |
36ko gerrak Usurbilen izan zuen eragina ezagutu eta ezagutarazteko proiektua, martxan. |
Trantsizio energetikoa |
Auto konpartitua eta eraikin publikoetako lanketa. |
Hondakinen bilketa |
Hobetzeko neurriak hartu berri. |
Ondarea |
Errotarri eta mugarrien inguruko lana. |
Zirimara |
Auzoetara zabaldu da. |
Udalaren digitalizazioa eta barne antolaketa |
Telematikoki zerbitzu gehiago eskaintzeko lanean. |
Abiapuntua.
Udal-gobernuak legealdiko lau urteetan egin beharreko lana eta jarduna ordenatu zituen Legealdiko Planean, bi oinarri nagusirekin: aurrekoek egindako lana eta herritarrek hauteskundeetan emandako mandatua. “Gure aurrekoek ereindako uzta eta utzitako ondarea oinarri, eta herritarrek hauteskundeetan emandako mandatua zerumugan, herri honen geroa egunez egun amesten, marrazten, lantzen, zaintzen, berritzen, ehuntzen eta eraikitzen jarraitzeko Legealdiko Plana osatu genuen. Hitz batean, Usurbiltzen jarraitzeko”.
Covid19a.
Legealdiko Plana aurkeztu eta gutxira, ordea, Covid19aren osasun krisiak eztanda egin zuen, eta dena “hankaz gora jarri”, udal-gobernuak gogoratu duenez: “Legealdi hau pandemiak baldintzatutako legealdia izaten ari da: oso estresantea, intentsoa, baina, era berean, ikasbidea. Alarma egoera ezartzearekin batera, lan egiteko eta kudeatzeko logika guztiz aldatu genuen, eta urgentziak gestionatzen hasi ginen”.
Lehen momentutik, “kolektibo eta pertsona zaurgarrienengan” jarri zuten begirada: “Pandemiaren kaltetuenak eta ahulenak diren kolektiboak identifikatzen saiatu ginen, haiei zuzendutako neurriak artikulatu ahal izateko”. Hala, hainbat neurri hartu zituzten: horietako batzuk udaletik abiatu zituzten, eta, beste batzuk, komunitatearekin elkarlanean.
Udaletik zuzenean abiatutakoen artean daude elikadura bermatzeko ezohiko dirulaguntza lerroa [alarma egoerak iraun beste egon zen martxan, eta herriko 32 familiak jaso zuten], udalaren bi etxe eskaintzea, etxeko konfinamenduaren garaian, indarkeria sexista pairatzen ari ziren emakumeentzako [aste gutxira bete ziren biak], adinekoen bakardadea arintzeko 65 urtetik gorako herritarrei egindako deiak [800 deitik gora egin ziren, 1.204 herritarri; bi aldiz], etxe guztietara bi maskara banatzea; Covid19arekin gaixotuta edo berrogeialdian zeuden etxebizitzentzako hondakinen bilketa berezitua, ostalarientzako dirulaguntza lerroak, eten behar izan ziren zerbitzu publikoen berregokitzea eta langileen baldintzak ez kaltetzeko hartutako neurriak, eta abar.
Komunitatearekin elkarlanean abiatutako neurrien artean aipatu dituzte Herritarren Babes Sarea, Gertuago kanpaina (tokiko kontsumoa sustatzeko abiatutako deskontudun bonuak eta gerora etorri den atari digitala) eta Kultur Bira. “Hasieratik garbi izan dugu nola erantzun pandemiari: kolektibotik, komunitariotik. Garapen komunitarioa bultzatzen saiatu gara erantzunkidetasunaren ikuspegitik, elkarzaintzan, elkartasunaren eraikuntza komunean eta eragile desberdinen lankidetza markoetan oinarrituta”.
2020/2021: pandemiari modu kolektiboan erantzutea.
2020/2021 ikasturtea abiatzearekin batera, Covid19ak eragindako “paralizatzeari” buelta ematera jo zuen udalak. “Testuingurua oso zaila izanagatik ere, bizitzak aurrera jarraitzen zuen, eta herritarrei interakzio sozialerako aukera eman behar genien: hau da, segurtasun distantziak ezin zuen distantzia sozialean bilakatu. Bizitza bizigarriak sustatu behar genituen: pandemia garaian, are gehiago”. Udalaren gogoeta hura herriko taldeekin konpartitu zuten, guztien artean egindako bilera batean, eta herriko eragileek ere ideia horrekin bat egin zuten.
Hala, zailtasunak zailtasun, eta beti ere, segurtasuna eta osasuna bermatuz, udal-zerbitzu guztiak jarri zituen martxan udalak 2020ko irailean. “Errazena dena bertan behera uztea zen, askok eta askok egin zuten bezala. Guretzat, akats izugarria litzateke hori egitea. Egoera berriak galdera eta erantzun berriak eskatzen zituen. Tresna berriak. Berrasmatzea, ausardia. Eta, batez ere, herritarron bizitzak erdigunean jarriz, politika publiko berritzaileak eta ausartak martxan jartzea. Komunitatearekin eta bertako eragileekin lankidetzan, pandemiari modu kolektiboan erantzutea baino txerto eraginkorragorik ez dagoelako”.
Udal-zerbitzuak martxan jartzearekin batera, udal-gobernuak Legealdiko Planari eutsi zion berriz. 2021eko aurrekontuak buruan, konfinamenduak atzerarazitako proiektuak martxan jarri zituzten. “Legealdi Planean jasotako lehentasun eta inbertsio nagusiak martxan ditugu, eta Covidaren izurriteak eragindako beharrizan berriei eta erronka berriei erantzuten saiatzen ari gara. Egoera zail honetan inoiz baino garbiago izan dugu zer blindatu behar den, baliabideak eta diru-sarrerak gutxitu zaizkigun arren: gizarte babesa eta tokikoaren zaintza, izan ekonomikoa, izan kulturala, izan soziala”. Hala, 2021eko aurrekontuetan bertan martxan jarritako dirulaguntza lerro berriak nabarmendu ditu udal taldeak: etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak, jarduera ekonomiko berriak jartzeko inbertsioetarako, Eskola Kirolerako, botikak erosteko, kultur sormenerako, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen estaldura soziala eta ekonomikoa handitzea, eta abar.
2022ko aurrekontuak: “jauzia” zerga politikan
Norabide berean joango dira 2022ko aurrekontuak ere. “Jauzi bat egingo dugu gure zerga politikan, udalok arlo honetan ditugun tresnak baliatuz. Ezohiko neurriak, ezohiko egoeran. Aldaketaren helburua argia da: udalerri mailako aberastasuna birbanatzea, eta gehiago irabazten dutenek gehiago ordaintzea, gutxiago dutenek gutxiago ordain dezaten”.
Hala, zerga, tasa eta prezio publikoak KPIaren azpitik igotzea proposatu dute, azpiko inflazioa erabiliz: %1,5 igotzea, %3 beharrean. Bestetik, hobariak jasotzeko eskubideak eta aukerak “nabarmen” zabaldu dituzte. Orain arte, uraren eta hondakinen tasetan eta kiroldegiko abonuetan aplika zitezkeen hobariak; 2022tik aurrera, hobariak aplikagarriak izango dira ur horniduran, hondakinen bilketan, estolderia zerbitzuan, hileta zerbitzuetan (panteoikoak salbu), baratzeen erabilera tasa, kirol instalazioetako zerbitzuak (abonu eta ikastaroak), haur eskola zerbitzua eta Udajolas. “Herritarrei zerbitzu eta eskaintza publiko guztietarako sarbidea erraztu eta bermatu nahi zaie, edozein dela ere bere errenta maila, eta modu horretan usurbildarron aukera berdintasuna bermatu, inor atzean edo bazterrean utzi gabe, justizia sozialaren irizpidea jarraituz”.
Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata izan dute oinarri (965 eurora igotzeko Espainiako Gobernuak sindikatuekin lortutako akordioarekin eguneratu berri). Horrekin batera, GFAko Ogasun departamentuko datuak oinarri, udalak aurreikusi du 4.000tik gora izan daitezkeela hobarien onuradun. “Datu horrek erakusten du hartu dugun erabakiaren dimentsio eta eragin soziala”. Jarduera ekonomikoaren zerga ordaintzen dutenek gehiago ordaintzea planteatu du udal-gobernuak hobari “anbizioso” horiek finantzatzeko, kokapen indizearen bidez.