Publicador de contenidos

Atrás Legealdiko Plana osatzeko prozesua abiatu du udal gobernuak

Hautets-programa herri-mandatutzat hartu, eta horretan oinarrituko da Usurbilgo Udala legealdiko bide orria egiteko: hau da, lau urterako zereginak dokumentu batean antolatuko ditu, udaleko langile, teknikari zein politikariek lanerako erreferentzia gisa izan dezaten. Oposizioko kideak ere parte hartzera gonbidatu ditu udal gobernuak.

03·10·2019


2019-2023ko Legealdi Plana osatzeko prozesua martxan jarri berri du Usurbilgo Udalak. Hauteskunde programa herri-mandatutzat hartu du udal gobernuak, eta huraxe izango da legealdiko bide orria zehazteko oinarria. Legealdiak iraungo duen lau urteko epean egin beharreko lanak antolatzea da helburua, udaleko langile, teknikari zein politikariek lanerako erreferentzia gisa izan dezaten: horien guztien iritziak eta ekarpenak garrantzitsuak izango dira prozesuaren amaieran sortuko den lan dokumentua finkatzeko orduan. Prozesua Aztiker ikerguneak gidatuko du, eta plan hori udalbatza osoaren plana izatea nahi du udal gobernuak. Horregatik, oposizioko kideak ere prozesuan parte hartzera gonbidatu zituen lehengo astean, iraileko udalbatzan.

Aste honetan egin dituzte lehenengo bilerak udaleko langile guztiekin. Agurtzane Solaberrieta alkateak eta Maitane Barrenetxea Aztikerreko kideak gaur bertan aurkeztu dizkiete prozesuaren nondik norakoak. Solaberrietak azaldu duenez, hauteskunde programako neurriak ez ezik, lehendik martxan dauden proiektuek ere jarraipena izango dute. Horregatik, egin beharreko lehenengo gauza diagnosia eta prospekzioa izango dira, Barrenetxearen esanetan: orain arte zer egin den eta aurrera begira zein egin asmo den finkatzea, alegia. Horretarako, galdetegi bat beteko dute parte hartzaile guztiek, eta, denen ekarpenak kontuan hartuta, Legealdiko Planaren lehenengo zirriborroa osatuko du Aztikerrek. Berriz ere ekarpenak jaso, eta behin betiko dokumentua osatuko du, udala osatzen duten langile guztientzat 2019-2023 legealdirako erreferentziazkoa izango den lan dokumentua.

Lan horiek guztiak lau atal nagusitan sailkatuko dituzte: Udala, herriaren zerbitzura, Herri nortasuna, Ongizartea eta Herri jasangarria. Solaberrietaren esanetan, lau atal horiek udal gobernuak herriarentzat nahi dituen lau balio ordezkatzen dituzte, eta horietako bakoitzean sakonduz usurbildarren bizi- eta lan-baldintza duinak erdiestea da helburua. Beste era batera esanda, Usurbilen nortasuna ezaugarritzen duten balioen araberako proiektuak garatzea da asmoa, herritar guztiak ondo bizitzeko bitartekoak jarriz.

Herriari begirako lanak ez ezik, udal barruan egin beharrekoak ere barne hartuko ditu bide orri horrek. Legealdiko erronka handietako bat digitalizazioa izango da: administrazio elektronikorako trantsizioa, alegia. Ahalik eta azkarren ekin nahi zaio horri, baina beharrezkoa den denbora guztia hartuta, dena behar bezala egin dadin bermatzeko. Horrek aldaketa ugari ekarriko ditu barne-funtzionamenduari begira, hau da, lan egiteko modu eta ohiturak aldatu beharko dira. Solaberrietaren esanetan, herritarrei zerbitzu hobea eta eraginkorragoa eskaintzea da horren guztiaren helburua.