Publicador de contenidos

Lasarte eta Txikierdi arteko bidegorrirako aldundiak egindako proiektuaren idazketa argitzeko eskatu du udalbatzak, EH Bilduren botoekin

Taldea proiektuaren aldekoak izanik ere, proiektuaren idazketan zenbait puntu argitzeko beharra nabarmendu dute.

25·09·2020


Lasarte-Txikierdi bizikleta eta oinezkoentzako bidea egiteko proiektuaren 2. fasea dela eta, errekerimendu bat egin zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak uztailean, aholkulari juridikoekin kontsultatu ostean. Izan ere, uztailaren 28an, proiektu horren inguruko bi erabakiren berri eman zion aldundiak udalari: proiektuaren espedientea onartu zuela, baita proiektua finantzako hiru aldeek (Lasartek, Usurbilek eta aldundiak) sinatu beharreko akordioa ere. Dokumentu horien idazketak sortutako zalantzak tarteko, errekerimendu bat egin zuen alkateak, eta udalbatzak berrestea izan zen iraileko osoko bilkurako puntuetako bat: alde bozkatu zuen EH Bilduk (8 boto), kontra EAJk (4 boto) eta abstentziora jo zuen PSE-EEk (boto bat).

“Ez gaude proiektuaren aurka, eta ez dugu atzeratu nahi: izatez, eskerrak badatorren. Baina eduki batzuk argitzea komenigarria dela iruditzen zaigu, eta, horregatik, erredakzioa aldatzeko eskatzeko aurkeztu genuen errekerimendua”, azaldu zuen Solaberrietak. Proiektu hori onartu zenean, 2019ko urtarrilean, udalak alegazio bat aurkeztu zion: Gureak eta Elkar joatekoak diren eremuari eragiten dio proiektuak, eta udala arau aldaketa “bete-betean” zegoen, alkatearen esanetan. Alegazio hura ontzat eman zuen aldundiak: Gureak-ek eta Elkarrek bertan eraikitzeak karga urbanistikoa du, eta haien gain geldituko litzateke bidegorri zati hori ordaintzea eta kontuan hartzea euren exekuzio proiektuan. Behin betiko proiektua esku artean izan arte, behin-behineko soluzio bat hartzeko eskatu zion aldundiak udalari.

Aurtengo uztailean, ordea, aldundiak obra osoaren aurrekontua eta ustez Usurbilgo Udalak ordaindu beharko lukeen zatia zehaztu du, eta “harriduraz” hartu du udalak: batetik, oraindik ez dagoelako behin betiko proiekturik Zapategi eremurako, eta, bestetik, bidegorri zati hori ordaintzea ez dagokiolako udalari, proiektu horren karga urbanistikoari lotuta dagoen heinean. “Beharrezko ikusi genuen hitzarmenean kontu hauek argi adieraztea interpretazio okerrik ez zedin egon”, nabarmendu du Solaberrietak.

EAJ-k, bere aldetik, tarte horren kostua aldundiak bere gain hartzea egoki ikusten zuela baieztatu zuen, eta, galdetu, behin-behineko egoerak zenbat iraungo duen. “Denbora luzea”, izan zen Solaberrietaren erantzuna. “Dena den, nahiz eta behin-behineko irtenbidea izan, segurtasun neurri guztiak hartuko genituzke kontuan”.

PSE-EE ez zegoen ados errekerimenduarekin, udalak eta aldundiak laster gaiaren inguruko bilera izango dutela kontuan hartuta. Proiektua Usurbilentzat “oso garrantzitsua” dela uste du, eta aurrera egin dezan espero duela. Solaberrietak erantzun zion iritzi berekoa dela, baina zenbait kontu argitu ezean kaltegarria izan daitekeela usurbildarrentzat: “Aldundiaren zein udalaren aurrekontuen hobe beharrez ari gara: ez du zentzurik dirua erabiltzeak gero aldatu egingo den proiektu batean. Bi erakundeen arteko entendimendu bat egon zen, eta modu honetan egitea adostu zen: diru publikoaren kudeaketa egoki bat iruditzen zait urte batzuetara aldatuko den gauza bat ez egitea”.

Oinarrizko Lanbide Heziketako eskuordetza

2015-2016 ikasturteaz geroztik, Oinarrizko Lanbide Heziketako bi modulu eskuordetuta ditu udalak. Eskuordetza horrek bost ikasturteko iraupena zuen, eta ekainean amaitutakoa zen azkena. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan ari zen udala eskuordetza hori luzatu edo akordio berri bat egiteko, baina martxoaren erdialdetik aurrera, Covid19 dela eta, prozedura administratiboak etenda gelditu ziren, eta Jaurlaritzari ez dio denbora eman eskuordetza hori luzatzeko, Beñat Larrañaga hezkuntza zinegotziak azaldu zuenez. Eskuordetza urtebetez luzatzea proposatu du Jaurlaritzak, eta aho batez onartu du udalbatzak.