Publicador de contenidos
Atrás Kultur Bira 2021: kultura hauspotzeko nahiak eta beharrak bat eginda
14·05·2021
Udalak eta herriko hainbat eragilek 2021eko Kultur Bira aurkeztu dute, gaur, prentsaurrean. Iaz sortu zen Kultur Bira, eta aurten ere horri eustea erabaki dute: “Arrazoia bat eta bakarra da: kultura hauspotu nahi eta behar dugu”. Iazko moldeari eutsiko badiote ere, berritasun bat dakarte aurten: ez da Kultur Bira bakar bat izango, hainbat baizik. Aurten, gainera, sare sozial propioak ditu Twitterren, Facebooken, Instagramen eta Youtuben.
Luken Arkarazo kultura zinegotziak azaldu duenez, iazkoaren balorazio oso ona egin dute: “Eta uste dugu herritarrek emandako erantzunak ere argi erakusten duela funtzionatu zuela eta emandako pauso hori egin beharrekoa zela”. Covid19ak Kultur Biraren sorreran izan zuen eragina nabarmendu du Arkarazok: “Dena bertan behera gelditzen ari zenean, udako kultur eskaintza bermatzeko apustua egin genuen, Covid19-aren testuinguruan, kultur eragileentzako zein herritarrentzako segurua izango zen formatuan: ezohiko espazioetan, distantziak mantenduz, desinfekzioa bermatuz, aforoa edo edukiera kontrolatuz eta ekitaldietara joateko aukera berdintasuna bermatuz”. Testuingurua iazko bera izatea ere bada Kultur Birari eusteko arrazoi.
Aurten, ez da Kultur Bira bakarra izango, hainbat baizik, antolaketan diharduten herri-auzoetako jai batzordeek euren Kultur Bira propioak egiteko urratsa egin baitute (Kalezar, Sanesteban, Atxegalde, Santuenea eta Aginaga). “Ez dira festak izango, baina euren ohiko festa egunak baliatuko dituzte zenbait ekitaldi antolatzeko, euren herri-auzoetan kultur eskaintza bermatzeko”, azaldu du Arkarazok. Hala, Usurbilgo Kultur Birak eta Kalezarkoak kointziditu egingo dute zenbait egunetan: Usurbilgoa ekainaren 11tik uztailaren 17ra bitartean izango da, eta Kalezarkoa ekainaren 24tik 27ra.
Beñat Arruti Kalezarko jai batzordeko kideak herri-auzoetako antolatzaileen ordezkari gisa azaldu duenez, elkarlan horren arrazoiak adierazi ditu: “Lehengo urtera arte, nork bere festak antolatu ohi zituen, baina ezohiko egoerak ezohiko erantzunak eskatzen dituenez, elkarrekin lan egitea erabaki genuen, elkarlanak ahalbidetzen duen indarraz eta gaitasunaz ohartuta”. 2021Eko Kultur Biraren antolatzaileak ondorengoak dira: Kalezar, Sanesteban, Atxegalde, Santuenea eta Aginagako jai batzordeak, Xauxar txosna batzordea, Noaua, Hitz Aho guraso elkartea eta Ziortza gazte taldea.
Hitz Aho guraso elkarteko Intza Makusok azaldu duenez, aurtengo Kultur Birak iazkoaren modu berean funtzionatuko du. Sarrerak usurbilkultura.eus plataforman eskatu beharko dira, nahi adina, lehentasunezko biak zeintzuk diren adieraziz. Sistemak ekitaldiak izan baino bi egun lehenago egingo du zozketa, eta email bidez jakinaraziko zaie herritarrei sarrerak egokitu zaizkien edo ez. Osasun neurriak bermatuta izango dira, eta, beraz, herritar guztiak Kultur Biraren parte izan daitezen animatu ditu Makusok.
Usurbilgo zein Kalezarko kultur biren inguruko zantzu batzuk aurreratu dituzte Makusok eta Arrutik. Usurbilgoak bi gune handi izango ditu, Artzabalgo frontoia eta Udarregiko zezen plaza, eta formatu txikiagoko agertoki gehiago ere izango dira herri-auzoetan, Makusoren esanetan. Egitaraua jasoko duen liburuxka astebete lehenago banatuko dute etxez etxe: “Era guztietako gustuak asetzen saiatu gara: haurrentzako ekitaldiak, gazteentzat, helduentzat...”. Arrutiren esanetan, Kalezarrekoak lau egun iraungo ditu, jarraian, eta karpa bat jarriko dute. Kalezarreko egitaraua ere etxez etxe banatuko dute, eta gainerakoak bezala, usurbilkultura.eus webgunean eskatu beharko dituzte sarrerak.