Publicador de contenidos
Atrás Kultur arloko dirulaguntzen inguruko bilerak, otsailaren 16an
10·02·2022

Kultur arloko dirulaguntzen inguruan hitz egiteko bilerak deitu ditu udaleko kultura sailak. Ondo bidean, otsailaren amaieran irekiko da kulturako zein gainerako sailetako dirulaguntzak eskatzeko epea, eta horien inguruko informazioa ematea izango dute helburu deialdiok. Bi bilera egingo dituzte, biak otsailaren 16an, Potxoenean: kultur egitasmoetarako laguntzen ingurukoa 18:00etan, eta kultur sorkuntza sustatzeko laguntza berriaren ingurukoa 19:00etan.
Kultura Sailetik ohartarazi dutenez, azken urteetan, dirulaguntzen legea dela eta, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte udaletako prozeduretan: “Eta oraindik ere urrats batzuk egiteko ditugu”. Azaldu dutenez, elkarteek, pertsona juridiko gisa, telematikoki eskatu beharko dituzte dirulaguntzak, legeak hala ezarrita. “Ondorioz, ziurtagiri digitalik ez daukan elkarteak berau lortzeko tramitea egin beharko du Izenperen atarian”. Jakinarazi dutenez, formakuntza saio bat antolatuko dute, eta lotu bezain pronto iragarriko dute.
Dirulaguntzen oinarriak onartzear direla, beraz, bilera irekiak egingo dituzte. “Gure helburua oinarriok azaldu eta puntu garrantzitsuenak xehetzea izango da. Bertaratzeko ahalegina egitea eskertuko genizueke, guretzat garrantzitsua baita bide honetan sor daitezkeen zalantzak elkarrekin argitzea”.
