Publicador de contenidos
Atrás Klimaren eta Energiaren aldeko Europako Alkateen Itun berria berretsi dute, aho batez
05·02·2026

Klimaren eta Energiaren aldeko Europako Alkateen Itun berria berretsi dute, aho batez, urtarrileko osoko bilkuran. 2011n egin zuen bat Usurbilgo Udalak itun horrekin: konpromisoak eta helburuak areagotu egin dira, eta horiek berretsi dituzte, orain. 2013an, Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza plana onartu zen, eta ituna berresteaz gain, plan hori eguneratuko du, orain, udalak, 2024an trantsizio ekosozialari begira egindako parte hartze prozesuan oinarrituta.
Alkateen ituna Europa mailakoa da: 11.491 udalerri daude itunera atxikita, eta 278 milioi biztanleri eragiten die. Itun horrek helburu, adierazle eta lan-ildo estrategikoak eskuragarri jartzen ditu, udalerrien arteko elkarlana bultzatzen du, Klima eta Energia Planak garatzeko eta jarraipena egiteko tresna dira, baita udalerrien lana aitortzekoa ere.
2008an abiatu zen alkateen ituna, eta helburu eta konpromiso berriak ezarri zituen 2021ean: 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko helburua, tokiko erresilientzia indartzea klima-aldaketaren ondorioen aurrean eta pobrezia energetikoari aurre egitea, energia eskuragarri, bidezkoa eta iraunkorra bermatzeko. Konpromiso horietan berrestea onartu dute, aho batez, urtarrileko osoko bilkuran.
Horrekin batera, 2013an onartutako plana eguneratuko da, hurrengo hilabeteetan. Ainhoa Arrozpide zinegotziak azaldu zuenez, bost lan ildo definitu ziren plan hartan: energia eraginkortasuna, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hondakinak, ura eta inguru naturala. Usurbilen azken urteetan egin diren urratsak ere laburtu zituen: argiteria publikoa LED-era aldatzea, energia berriztagarrien sorkuntza areagotzea, mugikortasun eredu berriak bultzatzea, %85etik gorako gaikako bilketa lortzen duen hondakin bilketa zerbitzua martxan jarri eta kudeatzea, herriko uraz baliatzeko ur hornidura sistemaren alde egitea, ibai ertzeko espazioak berreskuratzea eta energia kontsumoaren jarraipena egitea. Udalaz gaindiko erabaki gune edo herritar zein enpresen jardunean ere alkateen itunean zein trantsizio ekosozialean ezarritako helburuak sustatu ditu.
Udalak, 2024an, misioen baitako gobernantza eredu batetarantz jotzeko lehen urratsak egin zituen, eta lau misio ezarri, herriaren egungo erronkei erantzuteko: zaintza, trantsizio ekosoziala, 650 Usurbil Bizi eta Udala, gertu. Trantsizio ekosozialaren misioa definitzeko egin zen ko-sorkuntza prozesua izango du oinarri, orain, 2013ko plan hura eguneratzeko: datozen hilabeteetan egiteko asmoa iragarri zuen Arrozpidek. Honako misioa ezarri zen: 2030 urterako Usurbil klimatikoki neutroa izango den herria bihurtzea, balioen eraldaketan, mugikortasun eredu jasangarrian, baliabide naturalen zaintzan eta bertako kontsumo eredu arduratsuan oinarrituko den trantsizio justua garatuz.
