Publicador de contenidos

Atrás Klima babeslekuen eta espazio publikoen birnaturalizazioaren inguruko mozioa onartu dute, osoko bilkuran

PSE-EEk aurkeztutako mozioa onartu dute, alderdi sozialistaren eta EH Bilduren botoekin. EH Bilduk, alde bozkatu arren, ohartarazi du isurketez hitz egitea ezinbestekoa dela, eta Zubietan eraiki duten errauste-planta kutsadura sortzaile handia dela.

01·12·2023


PSE-EEK udalbatzari proposatutako klima babeslekuen eta espazio publikoen birnaturalizazioaren inguruko mozioa onartu dute, azaroko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo du. Mozio horren bidez, Usurbilgo Udalari hainbat eskaera egiten dizkio udalbatzak udalerriko “azpiegitura berdeari” eta “gune grisei” lotuta.

PSE-EEko zinegotziak mozioaren testua irakurri du, eta erantsi jakitun dela Usurbilen aurrez hainbat urrats eginak direla: “Badakigu ez dela hutsetik hasiko den bide bat, baina ildo horretan urratsak egiten jarraitzeko aurkeztu dugu mozioa”.

Erantzunen txandan, EH Bilduk zein EAJk hartu zuten hitza. Udal-gobernuan den EH Bilduk jakinarazi zuen alde bozkatuko zuela, baina beharrezkoa dela isurketez ere hitz egitea. “Hemendik bi kilometrora daukagu erraustegi bat, kutsadura sortzaile handia den azpiegitura: klima aldaketaren aurka borrokatu behar badugu, [mozioko] neurriok oso garrantzitsuak dira, baina nekez egingo diogu aurre gure aire, lur eta errekak kutsatzen dituen halako azpiegitura bat badaukagu. Gipuzkoak ez du halako instalaziorik behar”. Era berean, udalak bere buruari ezarritako lau misioetatik bat trantsizio ekosozialari lotuta dagoela nabarmendu dute, eta misio hori finkatzen hasteko abenduaren 14ko hitzordura gonbidatu dituzte oposizioko taldeak.

EAJk, bere aldetik, abstentziora jo zuen, mozioan jasotako puntuekin ados egon arren. Jeltzaleen ustez, udaleko ingurumen sailetik egiten diren lanak bat datoz mozioan aipatzen diren ideiekin, baina adierazi dute ez dutela beharrik ikusten Usurbilgo gune grisak eraldatzeko: “Hainbat zelai eta basoz inguratuta gaude, beste gauza batzuen artean”.

Honakoak dira eskaera horiek:

  1. Usurbilgo Udalari eskatzen zaio udalerriko azpiegitura berdeari buruzko azterlan bat egitea eta udalerriko gune grisenetan birnaturalizazioa sustatzea.
  2. Usurbilgo Udalari eskatzen zaio tenperatura optimoa bermatuko duten eta bero-boladen garaian aterpe klimatiko gisa erabil daitezkeen kanpoko zein barruko espazioak kokatzea.
  3. Usurbilgo Udalari eskatzen zaio hirien berdatzea sustatzeko, zuhaitzik edo eguzki-babesik ez dagoen lekuetan eta eremu gris gehiegi dauden lekuetan, gure hiriak klima aldaketara eta gure herritarren osasuna babestera egokitzeko neurri gisa.
  4. Usurbilgo lorategi eta baratze pribatuetan ingurumen- eta iraunkortasun-jardunbide egokien kontzientziazio-kanpainak bultzatzea.

Hona testua, osorik: