Publicador de contenidos

Atrás Kiroldegia eraberritzeko hitzarmena sinatu dute Usurbilgo Udalak eta Foru Aldundiak

Kiroldegia berritzeko eta irisgarri egiteko proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du, eta gaur sinatu dute hitzarmena Xabier Arregi Usurbilgo alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak. Biek ala biek azpimarratu dute lan horien garrantzia, izan ere, herritar guztiek dute zerbitzu publikoez eta kirol instalakuntzez gozatzeko eskubidea, aukera berdintasunean.

20·11·2017


Usurbilgo kiroldegia eraberritzeko egitasmoak urrats garrantzitsua egin du gaur, izan ere, proiektu horrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza lortu du, eta gaur izenpetu dute hitzarmena Xabier Arregi Usurbilgo alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak. Lan horien bidez kiroldegiko instalakuntzak berritu egingo dira, eta igerileku txikia handitu eta irisgarri egingo da.

Kiroldegiak 30 urte beteko ditu laster. Eraikuntza zaharra da, eta premia handia du instalakuntzak berritzeko eta irisgarri bihurtzeko. Gainera, mugimendu handia du: egun 2.557 dira abonatuak, hau da, biztanleriaren %41k erabiltzen du. Eta horrek espazio arazoak ere eragin dituela aitortu du alkateak. Hori oso nabarmena da igerilekuaren kasuan. Esaterako, ikastaroak direla-eta, igerileku txikia gainezka egoten da sarri. Eta, gainera, igerileku txikiaren erabilera oso mugatua da, ez baita batere irisgarria. Igerileku txikira sartzeko koxka handia igo behar da, eta, ondorioz, mugikortasun arazoak dituztenentzat muga handia da hori.

Arazo horiek konponbidean jarri nahian, Udalak plangintza bat diseinatua du, eta hobekuntzak modu progresiboan gauzatuko ditu hurrengo urteetan. Gaur aurkeztu den proiektua 2.faseari dagokiona da. Zehazki, igerileku txikia irisgarria egin eta handitu egingo da, beheko instalazio guztiak berritzearekin batera.

257.800 euroko diru laguntza

Inbertsio handia da udalarentzat: 585.000 eurokoa, hain zuzen ere. Eta inbertsio horri aurre egiten lagunduko dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari. Guztira 257.800 euroko laguntza emango du. Denis Itxaso Kirol diputatuak gaur goizeko ekitaldian azaldu duenez, Diputazioak 11 milioi euro inbertituko ditu datozen lau urteetan kiroldegiak eta bestelako kirol ekipamenduak berritzeko. “Proiektuak aukeratzeko erabili ditugun irizpideen artean efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna izan dira irizpide nagusiak. Norabide horretan, Usurbilgo Udalak proiektu interesgarri bat du jarri du martxan, eta horregatik 250.000 euroko diru ekarpena egingo dugu”, azaldu du Kultura diputatuak.

Edozein kasu, diru laguntza lortu izanak Udalaren hasierako plana baldintzatu du. Izan ere, Udalak lanak 2018ko abenduaren 31erako bukatuta izan behar ditu, derrigorrean. Lanek kiroldegiko egunerokoan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten saiatuko da Udala. Oraindik ez dago garbi zer eta nola eragingo duten, eta argitu bezain pronto, erabiltzaile eta abonatuei jakinaraziko zaie.

Xabier Arregi alkatearentzat egun garrantzitsua da gaurkoa, inklusibitatearen aldeko bidean: “Inklusibitatea eta herritar guztien aukera berdintasuna balore garrantzitsuak dira udal honentzat, izan ere, usurbildar guztiok dugu zerbitzu publikoez, aisialdiaz eta kirolaz gozatzeko eskubidea. Bazterketarik gabe eta askatasunez bizi ahal izango den Usurbil jasangarria lortzea da gure helbururik behinena, eta zerbitzu publikoak horren zerbitzura jartzen ari gara. Jendea hobeto bizitzeko, libre izateko, zoriontsu izateko eta osasuntsuago egoteko egiten baitugu lan”.