Publicador de contenidos
Atrás Kirol-jarduna, berraktibatzeko bidean
14·01·2021
Kirol-instalazioetarako irizpide eta baldintza berriak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak 1/2021 dekretuan, eta, horri esker, zenbait aldaketa izango dira Usurbilgo kiroldegian eta, oro har, kirol-jardunean, intzidentzia tasa 500etik behera mantentzen den bitartean. Neurri berrien artean, Eskola Kiroleko entrenamenduen eta kirol federatuen lehiaketaren itzulera dira nabarmentzekoak. Herriko talde eta klubak azken neurri horietara egokitzeko lanean ari dira, jarduna ahalik eta azkarren berraktibatzeko asmoz.
Eskola Kirolari dagokionez, seiko talde egonkorretan eta maskarak jantzita itzuliko dira (gaur hastekoak dira batzuk). Izatez, etenaldiaren aurretik ere hala ari ziren lanean, eta, beraz, ez du aldaketa handirik ekarriko. Kirol federatuei dagokienez, lehiaketan “murgilduta” dauden kadete, jubenil eta senior kategorietako taldeek ez dute seiko taldeen muga izango: federazio bakoitzak berea adostu behar duen arren, Buruntzaldean erabaki dute lehiaketa egutegia duten taldeek federatu dutela eta ez zaiela seiko taldeen muga jarriko. Horrez gain, orain arte bezala, profesional eta semi-profesional gisa aritu direnek ohiko entrenamenduekin jarrai dezakete. Orain, protokoloak egokitzea dagokie kirol talde eta klubei, kirol-zerbitzuei helarazi eta ontzat eman dezaten.
Jarduera hori guztia bertan behera geldituko litzateke Usurbil eremu gorrira pasatuko balitz, intzidentzia tasa 500 puntutik gora kokatuz gero: astelehen eta ostegunetan argitaratzen da eremu gorrira pasatutako herrien zerrenda, eta hori gertatuko balitz, kirol-zerbitzuek jakinaraziko die klub eta taldeei saioen etetea.
Kiroldegiko ikastaroei dagokienez, edukiera %50era igotzea baimendu du azken dekretuak, eta azken hilabeteetan ezarritako txandakako sistema kentzea ahalbidetuko du horrek: kide guztiek parte hartu ahal izango dute arauak betez eta segurtasun neurriak bermatuta. Horien kasuan, Usurbil eremu gorrira pasatuko balitz, mantentzeko aukera egongo litzateke, berriz ere neurri murriztaileen araberako egokitzapenak eginda.