Kalezarko zaintzadun auzunean bizi osorako alojamenduak eskainiko ditu Matiak
27·12·2021
Zaintza zerbitzu berri bat eskainiko du Matiak Kalezarko zaintzadun auzune berrian: bizi osorako alojamenduak. Horiek egin ahal izateko Portalmusubera (A96) eta Komentua (A97) eremuen hirigintza-eraikigarritasuna handitzeko arau subsidiarioen aldaketa eskatu du Matiak, eta abenduko osoko bilkuran onartu berri dute, hasieraz eta aho batez, udal teknikarien aldeko txostenak jasota. Eraikitzen ari diren auzunearen hasierako proiektuan aurreikusi gabeko zerbitzua da, eta horregatik egin du eskaera Matiak.
Matia zaintzadun etxebizitzen auzunea eraikitzen ari da Kalezarren. Horrekin batera, aldi berean, zaintza-ekosistema berri bat eraikitzeko parte-hartze prozesua egiten ari da udala. “Zaintza-ereduaren gaineko eztabaida bizi-bizirik dago, eta pertsona ardatz duen arreta eredu berri baten norabidean, behar berriak azaleratu eta zerbitzu berriak ari dira diseinatzen”, azaldu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Izan ere, Usurbilgo prozesutik zein bestelako gogoeta gune batzuetatik gizarte-behar berriak eratortzen ari dira, eta horiei Kalezarren eraikitzen ari diren auzunetik erantzun dakiekeela uste da.
Zehazki, jada eraikitako bolumenaren barruan beste 1.700 metro karratu baliatzeko eskaera egin du Matiak. “Gaur egungo bolumena ez da handituko. Horren barruan bazeuden erabiliko ez ziren espazioak, zentroak agortu egin duelako baimendutako eraikigarritasuna, eta, beraz, espazio horiek erabili ahal izateko eskatu dute eraikigarritasuna handitzeko baimena”.
Handitu nahi den eremuari hainbat erabilera eman nahi dizkiote. Batetik, bizi osorako alojamenduak egingo dituzte. Oraindik ez dago proiekturik, baina sei etxebizitza egitea aurreikusi dute. Etxebizitza mota horiek bizikidetza unitateentzat dira, menpekotasunen bat duen pertsona eta bere zaintzailea bizitzera joateko; zentroan bertan eraikiko direnez, bertako zerbitzuak baliatzeko aukera izango dute. Solaberrietak azaldu duenez, ez dago halakorik inon: baliabide berri bat da. Horrez gain, sei etxeetatik bi zuzenean usurbildarrentzat izateko bidea egiten ari da udala Matiarekin eta aldundiarekin. “Matiak arauen aldaketarako aurkeztu duen dokumentuan horretarako konpromisoa hartu du. Beraz, onuradun nagusiak usurbildarrak izango dira”.
Bestetik, erabilera anitzeko gune bat sortuko dute. Hain justu, hirigintza-eraikigarritasunari dagokion %15 kontzeptu pean jasoko du udalak areto hori, 226 metro koadroko lokala: “Aurrerantzean, udalak areto edo gela handi bat izango du han, eta ikusi beharko da zertarako erabiliko dugun”. Azkenik, zortzi aparkaleku sortzeko aukera dute: kanpoko aparkalekuan egoitzaren erabilerarako erreserbatzekoak ziren zortzi plaza erabilera publikorako edukitzea suposatuko du horrek.