Publicador de contenidos

Atrás Judas Arrietak mural koloretsua egin du Usurbilen, Harria Hitz bisita gidatuak oinarri hartuta

Gaur aurkeztu dute Arrietaren murala, Usurbilgo Udalaren enkarguz egindakoa, 2019ko azken Harria Hitz bisita egin aurretik. Harria Hitz bisitak izan ditu oinarri Arrietak murala egiteko, hainbat teknika uztartuta. Usurbilen “idiosinkrasia” ere islatu nahi izan du sagarraren lorea eta kupela bezalako elementuak txertatuz.

14·12·2019


Usurbilgo Udalak prentsaurrekoa eman du gaur Judas Arrieta artistarekin batera: mural berri bat egin du herrian, enkarguz, eta prentsaurrekoan bertan sinatu du lana, prentsaren aurrean. Prentsaurrekoaren ostean, gainera, urteko azken Harria Hitz bisita egin dute, Irati Otamendi ikerlari eta arkitektoak gidatuta: herriguneko artelanak ikusteaz gain, Txokoaldeko Txalapartaren Txokoa ere ezagutu ahal izan dute bisitariek.

Judas Arrietaren lanaren zalea dela aitortuz hasi du aurkezpena Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak: “Niri neuri asko gustatzen zait Judas Arrietaren estiloa, eta niretzat plazera da bere lan bat edukitzea Usurbilen. Asko gustatu zitzaidan hasieratik egindako planteamendua, eta orain eginda ikusita, areagotu egin da hasieran izan nuen sentsazio on hori”. Solaberrietaren esanetan, Usurbilen eta artearen lotura estua lan bakarrean batzea zuen helburu Usurbilgo Udalak, hau da, Harria Hitz bisitetan ezagut daitezkeen lanen isla izatea: “Uste dut oso ondo gauzatu duela buruan geneukan asmoa”.

Hain zuzen ere, Harria Hitz bisiten barruan kokatu behar da Arrietaren lana: sortu zirenetik etengabe berritu dira bisitak, Solaberrietak gogoratu duenez. Bai ibilbidean berritasunak sartuta, bai gonbidatu bereziak ekarrita, bai herritar guztientzako bisita inklusiboak izan daitezen lan eginda, Adi Usurbil telefonoetarako aplikazioaren bidez. Horrez gain, urrian aurkeztu zuten prentsaurrean bisiten webgunea: harriahitz.eus. Eta hasierako abiapuntua Harria Hitzen bueltakoa ez bazen ere, beste artelan berri bat du Usurbilek, Irantzu Lekue artistak egindakoa. Aurrerantzean, Lekuerenak zein Arrietarenak bisitak elikatu eta aberastuko dituzte.

Judas Arrietak, bere aldetik, Usurbilen egindako muralaren nondik norakoak azaldu ditu. “Harria Hitz bisita izan da muralaren gaia hasieratik, eta, beraz, bisitan ikus daitezkeen lanak batu ditut muralean. Horrez gain, Usurbilen idiosinkrasia ere islatu nahi izan dut: kupela, sagarraren lorea...”. Hainbat teknika uztartu ditu murala egiteko, bere ukitu propioarekin, noski: “Hainbat teknika erabili ditut, elementu batzuk pintadak edo grafitiak diren ezin desberdintzeraino: gustatzen zait hori egitea, ofizio desberdinak nahastuko balira bezala, muralistarena, grafitiarena edo kalera atera eta pintada bat egin duenarena”.

Beste bi mural ditu ondoan Arrietarenak: bata 2015ekoa, Kilometroak jaiaren harira egin zena, eta, bestea, berriz, intsumisoen eta euskararen aldekoa, duela hogei urte inguru egin zena. “Gernika koadroko elementu bat ere sartu dut, ondoan duen intsumisoen muralarekin elkarrizketan jarrita”, azaldu du Arrietak. Haren ustez, beharrezkoa da paretetako “elkarbizitza estetikoaz” hausnartzea. “Batzuek ez dute ulertzen, baina elkarbizitza dago”. Horrez gain, kaleetako esku hartzeen inguruan hausnarketa egin beharko litzatekeela uste du Arrietak, udaletxe, herritar zein artisten aldetik. “Euskal Herrian betidanik erabili izan ditugu paretak gure gauzak aldarrikatzeko, ezinegonak, gabeziak edo arazoak islatzeko. Gaur egiten ditugunak edo duela 30 urtekoak ez dira berdinak, eta gure buruari galdetu behar diogu zeintzuk diren kaleko paretek bete behar dituzten funtzioak, zer egin behar dugun gure herrietako paretekin”.

Kolore eta elementu ugari ditu Arrietaren muralak, eta ondotik pasatzen denak “egunaren arabera” gauza bat edo bestea antzemango duela uste du: “Kale baten ondoan dago, beraz, zirkulaziorako leku bat da, eta desberdin ikusiko dute presaz edo lasai antzera dabiltzanek”. Murala osatzen duten elementuak ere desberdin uler daitezkeela azaldu du: “GAUR hitzak, esaterako, gaurkotasunari egin diezaioke erreferentzia, edo baita Jose Luis Zumeta kide zen taldeari, eta abar: nire lanetan jolasak egiten saiatzen naiz, nolabaiteko bidaiak planteatzen”.

Usurbilen mural bat egitea “luxu bat” izan dela esan du Arrietak. Murala margotzen ari zen bitartean, Miamin muralen inguruko nazioarteko jaialdi bat egiten ari ziren, eta, haren esanetan, lagunak han ziren bitartean, gustura asko aritu zen Arrieta Usurbilen lanean: “Beti nabil horrelako iniziatibak dituzten herrien bila: Usurbilgo paretak, gainera, oso bizirik daude”.

Turismo eredu konkretu baten aldeko apustua

Usurbilgo Udalak turismo eredu konkretu bat bultzatzen du, jendea masiboki erakartzera baino, inbasiboa izango ez den eredu baten alde egitera bideratua. “Talde txikietan egiten dira Harria Hitz bisitak usurbildarren egunerokoan traba izan ez daitezen, eta euskaraz dira, Euskal Herriko herritarrei bideratuak, Usurbil herri euskalduna delako eta gure hizkuntzaren aldeko apustua egiten dugulako”, nabarmendu du Solaberrietak.

Arteak, hainbat adierazpideren bidez, presentzia handia du Usurbilen, eta hori da, besteak beste, Harria Hitz bisiten abiapuntua. “Gauza asko ditu Usurbilek erakusteko, baina iruditu zitzaigun bere kale eta paretetan dituen artelanak erakutsi beharreko altxor bat direla. Artea ez ezik, historia ere badira: 1960ko hamarkadatik gaur arte, garai eta testuinguru oso desberdinean sortutakoak dira artelan horiek guztiak, eta harro erakusten ditugu”. Solaberrietak gaineratu duenez, herrian egin diren lanen lekukotza ez ezik, artearen sormenak ere badu lekua, eta horiek ere Harria Hitz bisitetan ezagutzeko aukera dago: besteak beste, Zumetatarren estudioa eta Oreka TX-eko lagunen Txokoaldeko Txalapartaren Txokoa.