Publicador de contenidos

Jose Luis Zumeta eta Eduardo Chillida bat eginda, bisita gidatu berezi batean

Gaur taldearen sorreran egin zuten bat Zumetak eta Chillidak, eta orain berriz elkartu dituzte, bisita gidatu berezian. Bi egunetan eskainiko dute Usurbil Museo Irekia – Chillida Leku bisita: otsailaren 25ean eta martxoaren 23an.

14·02·2024


Jose Luis Zumeta eta Eduardo Chillida bisita gidatu berezi batean batu dituzte: bi artisten ondarea ezagutzeko aukera izango da, bisita Usurbilen hasi eta Chillida Lekun amaituta. Hala jakinarazi dute prentsaurrekoan: han izan dira Mikel Chillida, artistaren biloba eta Chillida Lekuko garapen arduraduna; Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea eta Ines Azpiazu 650 Usurbil Bizi proiektuko dinamizatzaileak. Bi egunetan eskainiko dute bisita berezia, eta irekita dago bietarako izen-ematea: otsailaren 25ean, eta martxoaren 23an.

Zumetak eta Chillidak 1960ko hamarkadaren erdialdean egin zuten bat, Gaur taldearen sorreran, beste hainbat artistarekin batera (Amable Arias, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi eta Jose Antonio Sistiaga). Frankismo betean, ez zen erraza kultura- eta politika-sorkuntzari bide ematea, eta horrek elkatu zituen Gaur taldean: 1966an aurkeztu zuten publikoki. Mugimendu hark ez zuen luze iraun, desadostasunak izan zituztelako artea ulertzeko moduari eta gizartean eta politikan zituen eraginei zegokienez.

Taldean ez izan arren, ibilbide oparoa izan zuten, eta haien artea ondare dugu, gaur egun. “Abagune hau probestu nahi izan dugu bi artistak berriro batzeko bisita gidatu berezi batean, euren obrak aitortu, ezagutarazi eta egindako lan guztia omentzeko: euren obrak hilezkorrak dira, betirako gelditu dira, eta hori bermatzea dagokigu ondare hori jaso dugunoi”, nabarmendu du Solaberrietak. Usurbilgo alkateak eskerrak eman dizkio, zentzu horretan, Chillidari, egitasmo honen bueltan batzeagatik: “Izan dadila bide oparo baten hasiera”.

Usurbil eta Chillida Leku hain gertu egonda, bisita berean lotzea aukera ederra dela uste du Chillidak: “Aukera ikaragarria da bai Zumeta, bai usurbildarrak eta Chillida Lekuko jendeak bat egiteko, gure ateak ireki eta gure arteak elkarbanatzeko”. Zumetaren Usurbilgo muralari erreferentzia eginez alkateak orduko udalbatzaren ausardia nabarmendu du, mural hori udalaren eskariz egin baitzen, eta Chillidak ere hori nabarmendu nahi izan du: “Orain ez gara konturatzen, baina duela 50 edo 60 urte ez zen batere ohikoa: kalean ikusten zen artea gehiago ziren estatuak, ez zen arte garaikidea edo askea, beste zerbait zen. Beraz, aldaketa izugarria izan zen, eta dudarik ez daukat lan hori Zumetarentzat aukera izugarria izango zela”. Arteak aukera ematen du, Chillidaren esanetan, gauza berdinak begirada desberdinekin ikusteko, eta horren garrantzia nabarmendu du: “Gizarte guztiak mugitu edo aldatzen dira, ez daude inoiz geldirik, eta arteak gauzak desberdin ikusteko gaitasun hori ematen digu”.

Bisitaren xehetasunak

Azpiazuk azaldu duenez, 650 Usurbil Bizik eta Chillida Lekuk antolatutako bisita gidatu bereziak bi zati izango ditu. Lehenengoan, Usurbil Museo Irekia bisitarekin, herriko kaleetan dauden artelan garaikideak azalduko dituzte. Chillidarekin batera Gaur taldeko kide izan ziren Remigio Mendibururen eta Zumetaren piezak ikusiko dituzte. Bisitaren bigarren zatian, Chillida Lekura joango dira, eta bertako gidak eramango ditu museo ireki horren barrura: Eduardo Chillidaren artelanak azaltzeaz gain, Maeght Unibertsoa izeneko erakusketa ikusteko aukera ere izango dute. Chillidaren obren eta Aimé Maeght arte-merkatari historikoak eta bere emazte Margueritek lan egin zuten artista batzuen arteko elkarrizketa proposatzen duen erakusketa da hau (Alberto Giacometti, Alexander Calder, Joan Miró, Julio González, Barbara Hepworth, Alexander Calder, ...).

Noiz: otsailaren 25ean eta martxoaren 23an, 11:00etatik 13:30era.

Non: Usurbilgo Sutegi udal-liburutegitik hasita.

Gehienezko bisitari kopurua: 14.

Prezioa: 18 urtetik gora, 7 euro; 18 urtetik behera, doan. Eskudirutan ordainduko da bisita gidatua hasi baino lehenago.

Izen-ematea: 650usurbilbizi.eus/agenda webgunean.

Hizkuntza: euskaraz.

Garraioa: autobusa egongo da, Usurbildik Chillida Lekura eta handik Usurbilera itzultzeko.

Zumetaren muralak 50 urte

Jose Luis Zumetaren Usurbilgo muralak 50. urteurrena du: 1973 amaieran hasi eta 1974an amaitu zuen lan hori, udalaren eskariz. “Txalotzekoa da, ezbairik gabe, orduko udalbatzak, frankismoaren urte gogorrenetan, euskal artearen eta kulturaren alde egindako apustu hura eta izandako ausardia: bai orduko udalak, bai herritarrek, eta, oro har, Usurbilgo herriak”, nabarmendu du Solaberrietak.

Murala, arrazoi askorengatik, Usurbilgo herriaren erakusleiho eta altxor nagusienetakoa izanda, udalak ez du urteurrena oharkabean pasatzerik nahi izan, eta ospakizunetan murgilduta dago iaztik. Kontserbazio lanak egin zitzaizkion muralari Artyco enpresarekin; hainbat ekimen egin ziren muralaren inguruan (erakusketa, Oskar Alegriaren Zumeta 23 filma, Xumetik herri jaialdia...). Udaberrian, bigarren erakusketa jartzea da asmoa, Zumetaren eta Usurbilen arteko lotura artistikoa erakusten duena.

650 Usurbil Bizi, turismo identitarioa

Usurbilen identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako turismo proiektua da 650 Usurbil Bizi. “Eskaintza hori egin nahi diogu Usurbildik Euskal Herriari edota Euskal Herritik kanpoko edonori: turismo identitario, eraldatzaile eta aktibo bat sustatu nahi dugu, egungo turismo estandarretatik at, batez ere gure identitatearen, kulturaren, artearen eta adierazpen artistikoen transmisioa bultzatuz”, azaldu du Solaberrietak.