Publicador de contenidos
Atrás Jose Luis Zumeta artista handiaren galera
23·04·2020
Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra hil da, 81 urterekin. Usurbilgo udal-gobernuak doluminak helarazi dizkie haren senitarteko eta lagunei: “Galera handia izan da: tristura handia eragin du herrian”. Zumetaren ekarpen oparoa nabarmendu du udal-gobernuak. Izan ere, Euskal Herrian, 1960ko hamarkadaren amaieran, euskal kulturan izan zen pizkundean zeresan handia izan zuen Zumetak: Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen, baita Ez Dok Amairuren parte izan ere. “Kolpe gogorra jaso dugu gaur usurbildarrok, Euskal Herriak eta, oro har, kulturak Jose Luis Zumetaren heriotzarekin. Arte garaikidearen ikur, artista bizi eta emankorra izan da Zumeta. Gure herriaren imaginario kolektiboan ezinbesteko erreferentzia. Mila esker!”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak.
1970eko hamarkadako euskal kulturaren eztandaren lekuko izan zen Usurbil, eta hori, hein handi batean, Joxean Artze eta Jose Luis Zumeta usurbildarrei esker izan zen. Biek ere harreman estua zuen Mikel Laboa abeslari donostiarrarekin. “Usurbilentzat luxua eta ohorea da gure herria halako hiru artista handiren lanen lekuko izatea”.
Usurbil berezi eginarazten duen elementuetako bat, hain zuzen ere, Zumetaren obra bat da, herriko frontoiaren atzeko murala hark egina baita, 1970eko hamarkadan. Mural abstraktua, koloretsua eta erraldoia, Usurbilen edergarri eta nortasun ikur. Mural horren abaroan dago, hain justu, Mikel Laboa plaza: Laboaren hainbat eta hainbat diskotako azalak Zumetak berak eginak dira. Bere jardun artistikoa Usurbilen egiteko konbentzimendua irmoa zen: azken urteetan estudio bat zabaldu zuen Usoa Zumeta alaba eta serigrafia egilearekin batera. Kale Nagusiko 10. zenbakian hark egindako txoriak daude zintzilik, eta iaztik aurrera, Irantzu Lekue artistaren mural bat dute bizilagun. Horien guztien bidez ere, betiereko bihurtu da Zumeta Usurbilen.
Pertsona umila zen Zumeta: ez zuen gustuko bere burua nabarmentzea. Monika Zumeta alaba ikus-entzunezkoetan profesionala da, eta Zumetari buruzko dokumentala ekoiztu zuen, Izenik Gabe 200x133 izenburupean, Enara Goikoetxearekin batera, 2013an.