Publicador de contenidos
Atrás Jon Howick Iriberrik saria eskuratu du gidabaimena euskaraz ateratzeagatik
30·05·2025
Jon Howick Iriberri usurbildarrak saria eskuratu du gidabaimena euskaraz ateratzeagatik. Urtero, Buruntzaldeko sei udalek (Urnieta, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil) Gidabaimena Euskaraz kanpaina egiten dute, eskualdeko autoeskolekin lankidetzan, euskararen erabilera sustatzeko. Urtero, 400 euroko sariak zozkatzen dituzte kanpainarekin bat egiten duten ikasleen artean: aurtengo zozketa maiatzaren 16an egin zuten.
2024 urtean Buruntzaldeko bederatzi autoeskolek hartu zuten parte egitasmoan eta guztira 10 sari zozketatu behar ziren. Dena den, Lasarte-Orian ez zen parte-hartzailerik egon, eta Andoainen bakarra, beraz, azkenean, zazpi saritu izan dira.
Datuak jasotzen hasi zirenetik, 2010etik, 1.300 lagunek baino gehiagok gainditu du gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz Buruntzaldean, eta hori pozgarria da. Egitasmo honen hartzaileak gazteak dira, nagusiki, D ereduan ikasi duten gazteak. Belaunaldi horiei eskolaz kanpoko jarduera hori ere euskaraz eskaintzea ezinbestekoa da, egunerokoan euskaraz aritzeko beste espazioa irabazten baitugu.
Era berean, Autoeskolen Federakuntza eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanari esker, iaz gidabaimena euskaraz prestatzeko material txukuna eta erakargarria argitaratu zen, eta lan horrek erraztu egingo du bidea hemendik aurrera. Hori bai, ez da ahaztu behar, eta Eusko Jaurlaritzari egin diote honetarako deia, bereziki, material hori guztia eguneratzen joan behar dela, benetan erabilgarri izaten jarrai dezan.
Zozketa
Zozketa egiteko, bost kutxa jarri ziren aretoan, eta kutxa bakoitzean herritarren izen-abizenak sartu zituzten. Ordezkari politikoek atera zituzten herri bakoitzari zegozkion txartelak (bana Andoainen, Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen; Hernanin, 3). Hona irabazleak:
Andoain: Zuriñe Barrante Ruiz.
Astigarraga: Bernart Astiazaran Aleman.
Hernani: Aimar Balenciaga Cia, Danel Manterola Miranda eta Maier Mutuberria Gutierrez.
Urnieta: Olatz Urruzola Labaka.
Usurbil: Jon Howich Iriberri.
Dagoeneko abian da 2025eko kanpaina
Dagoeneko abian da 2025eko kanpaina ere. Informazio guztia eskualdeko autoeskoletan eta udaletxeetan topatu daiteke, baita euskara.buruntzaldea.eus webgunean eta sare sozialetan ere.