Noticias
Atrás

Joan Mari Torrealdai hil da, euskaltzale porrokatua

Hezur-muineko minbizia zuen, zeina ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren aurkako operazioan jasandako torturekin lotu zuen Torrealdaik berak. 77 urterekin hil da.

31·07·2020


Ibilbide luze eta oparoa eginda hil da Joan Mari Torrealdai, 77 urterekin, azken urteetan jasandako hezur-muineko minbiziaren ondorioz. Soziologoa, idazlea, euskaltzain osoa, eta kazetaria zen Torrealdai: hainbat sari jaso zituen egindako lan eskergagatik. Ikerlari eta behatzaile zorrotza zen Torrealdai, eta halaxe begiratu ohi zien euskarari eta euskal kulturari, bi-bien zapalkuntzak argitara emanez. Forukoa (Bizkaia) jaiotzez, Usurbil izan du bizileku. Udal-gobernuak doluminak helarazi dizkie senitartekoei eta lagunei.

Euskalgintzan lan andana egin zuen Torrealdaik. Anaitasuna aldizkariaren zuzendaria izan zen, baita Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat ere. Jakin da, beharbada, Torrealdairen ibilbide profesionaleko etxerik nagusiena: aldizkariko kide eta zuzendari eta fundazioko lehendakari izan baitzen. Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kidea eta lehendakari ere izan zen. 2003An, Espainiako Audientzia Nazionalak itxi egin zuen Egunkaria, eta arduradunak atxilotu, inkomunikatu eta torturatu egin zituen: tartean zen Torrealdai. Bost urte behar izan zituen torturatu egin zutela publikoki esateko: minbizia zuela, eta gaitza tortura haiekin lotua zegoela ez zeukan zalantzarik. Halaxe esan zuen, torturei buruzko nazioarteko kongresu batean: “Bai, minbizia dut, non eta hezur-muinean. Barrurago ezin. Zuen aurrean egin nahi dut publiko. Bistan da zergatik: deskribatu dudan torturari lotzen diot gaitza, nire minbizia”.

Makina bat liburu idatzi zituen Torrealdaik, maiz, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, baita frankismoa eta zentsura ere, besteak beste, Iraultzaz (1973, Jakin); Euskal idazleak gaur (1977); Euskal kultura gaur (1997); Artaziak - euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (2000, Susa). Azken urteetan, gaitzak jota ere, lanean jarraitu du Torrealdaik: 2018koa da “Asedio al euskara. Más allá del libro negro”; 2019koa “De la hoguera al lápiz rojo”. Beste liburu bat idazten ari zen, gainera: Euskaldunon Egunkaria-ri buruzkoa, ETB1eko Gure Kasa programan esandakoaren arabera, aurtengo urtarrilean.