Publicador de contenidos

Atrás Jatorri desberdineko usurbildarren arteko elkarbizitzara bidean urratsa egingo du Mundualdiak

Martxoaren 27an izango da aurtengo Mundualdia, ezohiko formatuan. Azken hilabeteetan Aztikerrek landutako ikerketaren ondorio nagusiak gida batean bildu eta etxez etxe banatuko ditu udalak.

11·03·2021


Jatorri desberdineko usurbildarren arteko elkarbizitzara bidean urratsa egingo du 2021eko Mundualdiak, martxoaren 27an. Iaz, Covid19-ak sortutako osasun krisia tarteko, ez zen Mundualdirik izan, ez baitzegoen baldintzarik bere ohiko formatuan egiteko. Hilabete batzuen ostean, ezohiko formatuan egingo dute jatorri aniztasunaren inguruko jaialdia. Bi zati izango ditu: azken hilabeteetan aniztasunaren inguruan udalak ekoiztutako ikus-entzunezkoaren emanaldia, batetik, eta garai desberdinetan Usurbila etorritako migratzaileei aitortza ekitaldia, bestetik.

Ikerketatik eratorritako ondorio nagusiak ikerketan parte hartu dutenei jakinarazi dizkiete otsailean egindako hainbat bileratan. Bilera horiek bazuten bigarren helburu bat: usurbildar guztien elkarbizitzarako proposamen zehatzak egitea, udalak hemendik aurrera eman beharreko urratsak definitzeko asmoz. Martxoaren 9an egindako bileran, ekarpen horien guztien berri eman diete parte-hartzaileei, baita hilaren 27an egingo den Mundualdirako prestaketen berri eman eta haien ekarpenak jaso ere.

Honakoa izango da hilaren 27ko egitaraua:

17:00etan*, Migrazioari maskarak erauzten / La migración, sin máscaras dokumentalaren aurkezpena.

Horren ostean, aitortza ekitaldia, frontoian.

* Edukiera mugak direla eta, eskaera nahikorik balego, bigarren emanaldi bat izango da hurrengo egunean, hilaren 28an, ordu berean. Izen-ematea, usurbilkultura.eus webgunearen bidez egingo da.

Ikerketa, migrazioei begira

Azken urteetan, Euskal Herritik kanpora jaio eta Usurbilen bizi direnek herriaren erdigunea hartzeko jaia izaten zen, folklorearen eta gastronomiaren bidez. Halakorik ezin da egin, ordea, Covid19a dela eta, eta bestelako formatu batean landu du Mundualdia udalak. 2020ko udazkenean Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen ikerketa abiatu zuen Aztikerrek, udalaren eskariz, eta esku artean dituzte dagoeneko emaitzak. Horrekin batera, ikus-entzunezko bat ondu du udalak, eta horixe da hilaren 27ko ekitaldian aurkeztuko dutena, eta garai desberdinetan herrira iritsitako herritarrei aitortza ekitaldia egingo diete, ondoren.

Ikerketa horrek azken hamarkadetan Usurbilek jaso dituen bi migrazio olatu nagusietako protagonistei galdetu zaie euren migrazio esperientziaz eta herrian harremanak egiteaz; herrian jaiotakoek ere hartu dute hitza, migrazio horiek nola bizi izan dituzten ezagutzeko. Zehazki, 1960-1970eko hamarkadetako migrazio prozesuarekin zer gertatu zen aztertu dute, nola bizi izan zuten batzuek eta besteek, helburu batekin: gaur egungo migrazioa ondo kudeatzea.

Ikerketa horrek agerian jarri ditu bi migrazio prozesuen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak. Oro har, antzeko motibazioek bultzatu dituzte migrazio prozesuak. Hasteko, bizimodu hobe bat bilatu dute guztiek. Usurbilera ekarri ditu bertan dauzkaten harreman-sareak (ezagunak edo familia bertan izatea).

Desberdintasunak ere badira, ordea. 1960Ko eta 1970eko hamarkadetan Espainiatik iritsi zirenak lan-merkatuak sortutako beharrak erakarrita etorri ziren. Gaur egun, leku zehatz batetik baino, askotarikoak dira Usurbila iritsitakoen jatorriko herrialdeak. Horrez gain, migratzaileen bizitza erabat baldintzatzen duen lege bat dago indarrean gaur egun, orduan ez zegoen: 2000. urteko Atzerritartasun Legea. Horren arabera, besteak beste, etorkinek hiru urtez egon behar dute erroldatuta leku berean lanerako eta bertan bizitzeko baimena lortu ahal izateko: hau da, horren ondorioz, inolako lan-kontraturik gabe aritu behar izaten dute lanean, hiru urtez, baldintza gogorretan eta horiek hobetzeko batere aukerarik gabe.

Batzuek eta besteek topo egiteko espazio publiko gutxiago konpartitzen dira: horra beste desberdintasun bat. Lehen, auzoen pisua handiagoa zen eguneroko bizitzan, leku beretan egiten zuten lan (lantegiak). Orain, lan munduan harreman gutxiago sortzen dira, sortzen direnak lausoagoak dira, eta abar.

Ikerketaren ondorio nagusiak biltzen dituen gida laburtua banatuko du udalak hurrengo astean, etxez etxe.

Deskargatzeko:

Aztikerrek egindako ikerketaren txostena, osorik, eta laburpena.