Publicador de contenidos
Atrás Jakin Jardunaldia: ‘Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka’
21·05·2024
Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka izenburupean egingo dute Jakin Jardunaldia, Usurbilen, ekainaren 20an eta 21ean. Euskal gatazkaren inguruan egiten den memoriagintzaz kritikoki hausnartzeko abagunea eskaini asmo dute antolatzaileek. Jakin Jardunaldia, urtero bezala, UEUren Udako Ikastaroetako bat izango da: hamargarren edizioa izango du aurtengoa, eta zortzigarren urtez jarraian Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolatu dute. Ekainaren 17ra arte izango da izena emateko aukera, UEUren webgunean.
Jardunaldien aurkezpena egin dute gaur, Donostian, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak eta Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak.
Bengoetxeak gogoratu duenez, UEUren Udako Ikastaroek 52. edizioa dute aurten. Haren esanetan, ikastarook gizartearen beharretara egokitu dira urtez urte: “Gaur egun, hausnarketa eta gogoetarako gune dira. Besteak beste, hori baita UEUren funtzioetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea, gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz”. Nabarmendu duenez, elkarlana da euren jardunaren oinarri nagusienetako bat: “Jakin Jardunaldiak horren adibide garbia dira”.
Hain justu, hiru erakundeek Jakin Jardunaldiak Usurbilen antolatzen jarraitzeko hitzarmen berria sinatu dute aurten, jardunaldiok elkarlanean antolatzen jarraitzeko borondatearen erakusle: hirugarrena dute, dagoeneko (2017an sinatu zuten lehenengoa). Beste lau urtez izango da indarrean hitzarmen berria, 2027ko abenduaren 31ra arte. Solaberrietak, hain zuzen ere, elkarlan hori goraipatu du: “Guretzat, Usurbilentzat, luxua eta ohorea da halako bidaide apartekin lan egin ahal izatea eta, bi egunez bada ere, Usurbil herri-unibertsitatearen topagune izatea: gisa honetako topaketak behar-beharrezkoak ditugu elkarrekin pentsatzen jartzen gaituelako, eta herrigintzarako eta herri-eraikuntzarako ezinbestekoa da hori”.
Udalak, urtero, 10.000 euro bideratuko ditu jardunaldiok antolatzeko: 4.000 euro UEUri eta 6.000 Jakini. UEUk, bere aldetik, jardunaldiok udako ikastaroen barruan antolatu eta koordinatzeko ardura du; hari dagokio matrikulazioa kudeatzea eta jardunaldietako alderdi teknikoak lotzea ere. Jakinek, berriz, jardunaldiok gogoetatu, diseinatu, zuzendu eta dinamizatzen ditu, baita jardunaldien inguruko zenbaki monografikoa osatu eta argitaratu ere.
Gatazka eta memoria kontzeptuen uztarketa izango da aurtengo Jakin Jardunaldien ardatza, Agirrek azaldu duenez: “Memoriaz hitz egin nahi dugu. Eta gatazkaz hitz egin nahi dugu. Memoriaz hitz egiten hasteko, galdera pertinentea izan liteke honakoa: gatazka baten bilakaeran, noiz hasi gaitezke memoriaz hitz egiten? Zer da memoria? Zer da historia? Zer, kontakizuna? Nork ebazten du? Nork kontatzen du?”. Memoria kolektibo eta publikoa eraikitzea botere jokoa da, Agirreren esanetan, “hortik eratorriko baita kontakizuna. Eta kontakizunetik historia, eta historiatik memorialak eta memoriaren industriak, eta hortik memoria kolektiboa eraikiko da, eta hortik aurrera egin beharreko bideak zedarritu”.
Agirrek azaldu duenez, gatazkaren hainbat alderdiri erreparatuko diete, baita memoria kolektiboa eraikitzeko prozesuari ere, etorkizunari begira duen garrantziaz ohartuta: “Gatazkaz hitz egin nahi dugu. Gatazka, gatazka nazional gisa; baina baita gatazka, gatazkaren barneko genero gatazka gisa; gatazka, gatazka sozial gisa. Gatazkan sortzen diren subjektu barbarizatuak, subjektu bestetasunean gorpuztuak, subjektu isilduak. Gatazkaren barneko gatazkez memoria ariketa gisa formulatua. Gatazkak Euskal Herrian, hainbat garaitan. Eta horren guztiaren memoria kolektiboa nola egiten den eta nola geroratzen. Azken finean, une oro ari gara memoria egiten, memoria borrokatzen, memoria inpugnatzen, genealogiak berreskuratzen; izan ere, etorkizuna, hein handi batean, iraganean jokatzen eta ebazten baita”.
Euskal gatazkaren inguruan egiten den memoriagintzaz kritikoki hausnartzea, memoriari lotutako zenbait ekimen eta ikerketa ezagutzea eta gazteek gatazka nola jaso duten eta memoriagintzara nola lotu diren ikustea ditu helburutzat Jakin Jardunaldiak, eta horien inguruan aritzeko egitaraua osatu du.
EGITARAUA
Ekainak 20, osteguna
08:45 – 09:00. Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:00 – 09:30. Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
- Aitor Bengoetxea Alkorta, UEUko zuzendaria.
- Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea.
- Lorea Agirre Dorronsoro, Jakineko zuzendaria.
09:30 – 10:30. "Ezin-esanaren miña; miñen ezin-esana". Gatazka nazionalaren teorizazioaren inguruko gogoeta bat.
- Cira Crespo, historialaria.
10:30 – 11:15. Memoria, boterea, gatazka: hainbat hari-mutur.
- Iñaki Sagardoi Leuza, antropologoa, NUPeko irakaslea
11:15 – 11:45. Atsedenaldia.
11:45 – 12:30. "Ez gaitzazue ezabatu". Ezker Abertzaleko emakumeen militantzia eta errepresioaren memoria.
- Olatz Dañobeitia, Antropologian doktorea.
12:30 – 13:15. “Batzuk, bestiak eta piztiak. Euskal gatazkaren irakurketa bitarra gainditzeko proposamen feminista bat”.
- Maider Galardi Fernandez de Agirre, kazetaria eta EHUko doktoregaia AFIT ikerketa taldean.
13:15 – 15:15. Bazkaltzeko tartea.
15:15 – 16:00. Isilpeko historia berreskuratuz. 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua.
- Ione Zuloaga, historialaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea.
16:00 – 16:30. Usurbil 1936, ezkutatua argitara ematen.
- Arantxa Manterola eta Xuban Zubiria, Usurbil 1936 elkarteko kideak.
16:30 – 17:30. Usurbil 1936: ibilaldi gidatua.
Ekainak 21, ostirala
09:30 – 10:15. Besteen lurraldea da iragana. Gazteak, gatazka eta memoria trantsitatzeko aukerak.
- Samara Velte, Politika eta Kulturan doktorea (UPV/EHU) eta Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea EHUn.
10:15 – 10:45. Txikitasunetik memoria eraikitzen: lehen pausuak Antzuolan.
- Onintza Legorburu eta Ane Alberdi, Memoria josten: gatazka armatua Antzuolan 1958-2011 liburuaren egileak.
10:45 – 11:15. Martxoak 3 Memoriagunea: Gasteizko Herri M3moriaren erronka.
- Julen Diaz de Argote, Martxoaren 3ko Memoriagunerako proiektuen arduraduna.
11:15 – 11:45. Joan da negua? Euskal gatazka fikziora eramateko narratiba berriak.
- Mikel Ibarguren eta Ekain Albite, Negu Hurbilak filmaren zuzendariak.
11:45 – 12:30. Atsedenaldia.
12:30 – 14:30. Negu Hurbilak filma eta solasaldia.
- Mikel Ibarguren eta Ekain Albite, filmaren zuzendariak.
- Saio hau Sutegi udal-liburutegiaren aretoan izango da.