Publicador de contenidos

Atrás Jakin Jardunaldia 2025: “Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen”

Kooperatibismo eraldatzaileaz eta egitasmo publiko-komunitario-kooperatiboez gogoetatzeko plaza izango da XI. Jakin Jardunaldia, ekainaren 19an eta 20an, Usurbilen. Hizlarien artean izango dira Anna Gabriel i Sabaté, Ion Muñoa Errasti, Enekoitz Etxezarreta, Arianne Kareaga, Ainhoa Intxaurrandieta, Xabier Barinaga-Rementeria eta Beñat Irasuegi.

06·06·2025


Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen izenburupean egingo dute Jakin Jardunaldia, Usurbilen, ekainaren 19an eta 20an. Jakin Jardunaldia UEUren udako ikastaroetako bat izango da: hamaikagarren edizioa da, eta bederatzigarren urtez jarraian Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolatu dute. Ekainaren 18ra arte izango da izena emateko aukera, UEUren webgunean.

Aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak, Irati Iciar Madinabeitia UEUren Udako Ikastaroen arduradunak eta Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kideak hitz egin dute. Hiru erakundeen lankidetzari beste birena gehitu zaio aurten: OlatuKoop-en eta Huhezi-Lankiren ekarpenekin diseinatu da egitaraua, gaian duten eskarmentua eta jardun kooperatiboan duten ezagutza gehituz, Azurmendik nabarmendu duenez.

Duela hiru urte, Udako Ikastaroen 50. urteurrenaren harira, erabaki zuen UEUk eurentzat eta gizartearentzat estrategikoak diren gaiak lantzea, eta horri eutsi diote aurten ere, Iciarren esanetan. Udako Ikastaroak konpartitzeko gune dira, nabarmendu duenez: “Izan ere, UEUk izaera herritarra dauka, eta euskal gizartearentzat interesgarriak eta beharrezkoak diren gaiak lantzeaz gain, parte-hartzea sustatuko dugu. Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udako ikastaroetan, jendeak, hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburu. Udako Ikastaroak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere”. UEUrentzat, Udako Ikastaroak aliantzak eta lankidetzak garatzeko modua ere badira, Jakin jardunaldia horren “adibide garbia” da, haren esanetan.

Solaberrietaren ustez, Jakin Jardunaldiaren gisako topaketak behar-beharrezkoak dira elkarrekin pentsatzeko: “Herrigintzarako eta herri eraikuntzarako ezinbestekoa da”. Haren esanetan, egungo “garai konplexu eta aldakorretan, jada ez dute iraganeko errezetek balio”, eta administrazioak ezinbestekoa du bestelako eragile pribatu zein komunitarioekin lankidetzan aritzea. Azkenaldian loratzen ari diren proiektu kolaboratiboak elkarlanerako marko berriak sortzen ari dira, eta Usurbildik arretaz begiratzen diete, nabarmendu duenez: “Guretzat proiektu inspiratzaileak dira: egiteko modu berri horietan sakondu nahi dugu martxan ditugun proiektu ezberdinetan”. Dena den, badira lankidetza publiko-komunitarioaren inguruko korapiloak ere, haren esanetan: “Hor dago kontzeptua lausotzeko arriskua. Nabari da, era berean, publikoaren eta pribatuaren ulerkera zurrun dikotomikoan gotortzeko joera bat ere, oztopo politiko, juridiko edo administratiboak ekar ditzakeena”. Iragarri duenez, Aginagan sortzen ari diren herri kooperatibaren proiektuak ere bere lekua izango du jardunaldian.

Kooperatibismo eraldatzaileaz eta egitasmo publiko-komunitario-kooperatiboaz gogoeta sustatuko da Jakin Jardunaldiaren bidez, hala haren pentsamendu-oinarriez, nola Euskal Herriko zenbait praktikak eskaintzen dituzten eredu eta irakaspenez, Azurmendik nabarmendu duenez. “Nabaritu dugu azken urteetan biziberritzen ari dela joera, enpresa antolamendutik harago, kooperatibismoa errealitatea eraldatzeko mugimendu gisa aldarrikatzen duena; eredu kooperatiboa baliatu nahi dela lan harremanak, harreman sozialak eta ekonomikoak merkantilizaziotik harago antolatzeko”.

Hala, kooperatibismoak gizarteko harremanak merkantilizaziotik harago egituratzeko bidean eskain dezakeena izango da hizpide, auzoetako, herrietako eta lurraldeetako ekonomiak herritarren beharrei erantzuteko moduan antolatzerakoan eskain ditzakeen aukerez. Izan ere, Azurmendiren esanetan, gero eta gehiago dira eredu publiko-kooperatiboak entseatzen ari diren proiektuak: herri kooperatibak, energia komunitateak, zaintza ekosistemak, elikadura burujabetzara bideratutakoak...

Horrek guztiak “betiko galdera berriak” planteatzea dakar, Azurmendiren esanetan: “Zeintzuk diren auzi publikoak eta zeintzuk pribatuak, eta horien aurrean ze erantzun eman behar duten, edo eman dezaketen, herri ekimeneko proiektuek edo instituzio publikoek. Nola ulertu behar diren arlo eta interes publikoak eta pribatuak, bai politikoki, baina baita maila juridiko-administratibo teknikoan ere”.

Hitzaldiez gain, hainbat arlo eta lurraldetako esperientziekin mahai-inguruak izango dira, eta esperientzia kooperatiboak eta gaiarekin interesa dutenak elkartzeko espazio bat ere antolatu dute, jardunaldia borobiltzeko.

Esperientzia-truke azoka

Izan ere, jardunaldiak ixteko, Esperientzia-truke azoka antolatu dute. Ikuspegi eraldatzailearekin diharduten kooperatibak ezagutarazteko espazio bat sortzea izan da helburua: kooperatibetako kideak elkartzeko ez ezik, proiektuotan interesa duen ororentzat irekia izango da. Arruek azaldu duenez, oraindik badaude leku batzuk azokan, euren proiektuen berri eman nahi dutenentzat, eta bertan parte hartzera gonbidatu ditu ikuspegi eraldatzailea duten kooperatibak: jakin@jakin.eus -era idatzita jasoko dituzte argibideak.

EGITARAUA

Ekainak 19

08:45 – 09:00. Harrera eta dokumentazio banaketa.

09:00 – 09:30. Sarrera: ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.

  • Haritz Azurmendi (Jakin)
  • Aitor Bengoetxea (UEU)
  • Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo Udala)

09:30 – 13:15. Kokapen teorikoa eta auzien aurkezpena.

  • 09:30-10:30. Kooperatibismo lurraldetua Katalunian.
    • Anna Gabriel i Sabaté (Politikaria eta Ateneu Cooperatiu de la Catalunya Central-eko kidea).
  • 10:30-11:15. Kooperatibismo eraldatzailearen pentsamenduaren oinarriak. 
    • Enekoitz Etxezarreta (Ekonomian doktorea, EHUko irakaslea, GEZKI institutuko kidea).
  • 11:15-11:45. Atsedenaldia.
  • 11:45-12:30. Lankidetza publiko kooperatiboaren oinarriak eta erronkak.
    • Arianne Kareaga (Giza Zientziak eta Hezkuntzan doktorea, MUko irakaslea, LANKI ikertegiko kidea).
  • 12:30-13:15. Herrigintza kooperatiboa herri-agintaritzatik.
    • Ion Muñoa Errasti (Eusko Jaurlaritzako Komunikazio eta Gizarte Berrikuntzako idazkari nagusia).

13:15 – 15:00. Bazkaltzeko tartea.

15:00 – 17:30. Proiektu kooperatiboen eta instituzioen elkarlanerako erronkak.

  • 15:00-16:30. Mahai-ingurua: Korapilo eta askabide juridiko-administratiboak.
    • Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra (Udalbiltzako idazkari kontu-hartzailea).
    • Xabier Barinaga-Rementeria Zabaleta (Kide Aholkularitza)
    • Aitor Bengoetxea Alkorta (Zuzenbidean doktorea, EHUko irakaslea, GEZKI institutuko kidea. UEUko zuzendaria).

Moderatzailea: Mikel Valero (Hiritik At kooperatibako kidea)

  • 16:30-17:30. Parte-hartze dinamika: Erronken jasoketa kolektiboa.

Ekainak 20

09:30 – 14:30. Herri kooperatibak eta praktika kooperatibo eraldatzaileak.

  • 9:30-10:30. Hitzaldia: Herri Kooperatiben ideia politikoa.
    • Beñat Irasuegi Ibarra (Ekonomia Sozial Eraldatzailean aditua, Olatukoopeko kidea).
  • 10:30 – 11:30. Solasaldia praktika kooperatiboetako kideekin (I)
    • Herri Kooperatibak: Bakaikuarrok, Aginaga Biziberritzen.
    • Eskualde garapena: Lea Artibai FundazioaBiziola gizarte ekimeneko kooperatiba.
  • 11:30 – 12:00. Atsedenaldia.
  • 12.00-13.00. Solasaldia praktika kooperatiboetako kideekin (II)
    • Nekazaritza: Garro barazki biologikoen kooperatiba, Aleko nekazaritza test gunea.
    • Zaintza: Zaindu Leitzaldea eta Maitelan.
  • 13:00-14:15. Esperientzia-truke azoka (*13:45 Bea Egizabal umoregilearekin azokari itzulia).

14:30. Amaiera eta txotxa.