Publicador de contenidos
Atrás Jai eta aisialdi guneetan eraso matxisten aurrean jarduteko herri-protokoloa eguneratu dute, udalaren eta hainbat eragileren artean
10·06·2025
Azken hilabeteetan jai eta aisialdi guneetan eraso matxisten aurrean jarduteko herri-protokoloa eguneratu dute, udalaren eta hainbat eragileren artean, eta herriko eta auzoetako festak hasi aurretik aurkeztu dute, agerraldi jendetsu baten bidez. Protokoloa elkarlanean osatu dute, eta, beraz, dokumentua udalarena ez ezik, herriko eragileena ere bada. Protokoloa osatzeko indarkeria matxistari aurre egiteko lan egiten duen Sortzen aholkularitza zerbitzuaren laguntza izan dute.
Udazkenean hasi zen udala indarkeria matxistaren aurrean jarduteko erakunde arteko protokoloa berritzen, eta jai eta aisialdi guneetako protokoloa berritzeko aukera egokia zela iritzita ekin zioten lanketari, Jon Mikel Azpiazu zinegotziak azaldu duenez. Haren esanetan, jai eta aisialdi guneak, sarri, segurtasun gabeko inguruneak izaten dira emakumeentzat eta LGTBIQA+ pertsonentzat, haien genero identitateagatik edota sexu orientazioagatik, bereziki, gauetan. “Protokolo honen helburua indarkeria matxista jasan duten emakumeei eta LGTBIQA+ pertsonei behar duten arreta eta babesa ematea da, eta guztiok ere irizpide eta jarraibide komunen baitan, modu koordinatuan erantzutea”, nabarmendu du. Hala, pertsona orok askatasunez eta segurtasunez jai eta aisialdiaz gozatzeko duen eskubidea bermatu eta errespetatzearen garrantziaz ohartarazi du Azpiazuk, “identitatea, adierazpena, adina, jatorria, gorputza edo sexu orientazioa edozein delarik”.
Herriko hainbat eragilek parte hartu dute protokoloaren osaketan: Santixabeletako eta auzoetako jai batzordeek, mugimendu feministak, gazte mugimenduak, Sagardo Eguneko antolatzaileek zein ostalariek. Azpiazuk protokoloa eguneratzeko erakutsi duten inplikazioa eta konpromisoa nabarmendu ditu, eskerrak ematearekin batera, eta gaineratu du elkarlan hori ez dela dokumentua osatzearekin amaitu: “Bertan jasotako edukiak gauzatzea ere denon ardura izango da, alegia, denon gain dago prebentzio eta sentsibilizazio lanak egitea zein kasuak gertatzen direnean erantzun egoki bat ematea”. Udalak baliabideak eta euskarriak jartzeaz gainera, festa edo jaiegun bereziak antolatzeko eskaerak jasotzen dituenean protokoloa helaraziko die eskatzaileei, denek ezagutu eta aplikatu dezaten.
Intza Ruizek, gazte mugimenduko eta mugimendu feministako kide gisa, elkarlanaren garrantzia berretsi du, indarkeria matxistari aurre egiteko ardura konpartitua dela ohartarazita: “Indarkeria matxista denon arazoa da, eta, beraz, hari aurre egiteko ardura ere denona da”. Halako erasoen aurrean jarduteko modua hobetu eta erasoak prebenitzea da protokoloaren helburu nagusia, indarkeria matxistari modu kolektiboan erantzutearekin batera.
Ruizek azaldu duenez, protokoloak hainbat atal ditu: indarkeria mota desberdinen definizioa, prebentzioan eta sentsibilizazioan egin daitezkeen lanketak, esku hartzeko jarraibideak, nola esku hartu egoera bat edo beste denean, erantzun publikoa eta kasuak gertatzen direnerako baliabideak. Udalak eta eragileek ez ezik, herritarrek ere oinarrizko jarraibide batzuk ezagutzea ere beharrezkoa dela iritzita, kartelak egin dituzte: “Ez epaitu, entzun, babestu eta biktimak adierazitakoa jarraitu, horiek dira oinarrizko jarraibideak. Biktimak hala nahiko balu, laguntza eskatzeko baliabideen telefonoak ere bertan izango dira”.
Protokoloak berritasun bat dakar, Ruizek azaldu duenez: leku seguruak. “Jai edo aisialdi gunetik aparte, eta aldi berean eskura, dauden lekuak izango dira, biktima seguru senti daitekeen guneak. Shock egoera gainditzen hasteko aukera emango dio biktimari, gertatu zaiona kontatzeko modua emateko ezinbestekoa izango da”. Herriko eta auzoetako festa bakoitzerako leku seguruak erabaki dituzte. Horietara sartzeko giltza atean egongo da, kutxa batean barruan, eta kutxa irekitzeko kodea txosnetan eta tabernetan eskatu ahal izango da: biktimak artatzeko ezarritako lekuak izanik, arduraz erabiltzera deitu dituzte herritarrak.
Protokoloa dokumentu irekia da, Ruizek nabarmendu duenez: “Indarkeria matxista ulertzeko eta horri aurre egiteko moduetan aldaketak egongo dira, baita hobetu beharreko aspektuak ere, eta, beraz, garrantzitsua izango da protokoloa ere aldaketa horietara egokitzea”.
Auzoetako jai batzordeen ordezkari hitz egin du Libe Agirrek. Azaldu duenez, ostalari, eragile eta antolatzaileek formakuntza saio bat jasoko dute ekainean. Halaber, konpromisoa hartu dute nork bere festak hasi aurretik taldekide guztiei protokoloa ezagutarazteko, erasoren bat gertatzen bada nola jokatu jakiteko.
Horrez gain, indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko du udalak Santixabeletan, Emaginen bidez, espero diren egunik jendetsuenetan, alegia, uztailaren 4an eta 5ean. Bi baliabide izango dira: informazio gunea (Mikel Laboa plazan, 21:00etatik 00:00etara) eta arreta puntua (Gaztelekuan, 00:00etatik 06:00etara).
Leku seguruak jaietan
Santixabelak: Gaztelekua
Zubieta: Kaxkape
Aginaga: Eliza Zaharreko biltegia
Atxegalde: Gaztelekua
San Esteban: elizako txokoa
Kalezar: haur eskolan, Eguneko Zentroa zegoen lekuan
Santuenea: Santuenea 12 (auzo elkartea)
Sagardo Eguna: Gaztelekua