Publicador de contenidos

Atrás Jabetza eskolako ikastaroetan izena emateko aukera, urtarrilaren 28tik otsailaren 5era

Otsailetik uztailera, jabetza eskolako ikastaroak, liburu aurkezpen eta kultur ekitaldi bana eta aholkularitza zerbitzuak eskainiko dira Emakumeon Etxean. Ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 28tik otsailaren 5era bitartean izango da.

22·01·2026


Emakumeon Etxeak otsailetik uztailera arteko egitaraua argitaratu du, eta etxez etxe banatuko du, gaur. Jabetza eskolako ikastaroak, liburu aurkezpen eta kultur ekitaldi bana eta aholkularitza zerbitzuak eskainiko dituzte, datozen hilabeteotan. Ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 28tik otsailaren 5era bitartean izango da.

Aholkularitza zerbitzuak

Hiru aholkularitza zerbitzu eskainiko dira. Horietako bat berria da: Maitelan zaintza kooperatibak zaintzaile profesionalentzako arreta eta aholkularitza eskainiko du, hileko azken ostiraletan. Beste biak lehendik eskaini izan dira. Batetik, aholkularitza psikologikoa: Sortzen aholkularitza zerbitzuko Sheila Melconen eskutik izango da, bi astetik behin, astelehenetan. Bestetik, aholkularitza juridikoa eta psikosoziala: Irule Abokatuak taldearen eskutik izango da oraingoan ere, hilabetean behin, asteazkenetan.

Jabetza Eskolako ikastaroak

Orain arte eskaini izan diren zenbait ikastarorekin eta bi ikastaro berrirekin osatu da Jabetza Eskolako eskaintza. Berrien artean dira Euskal damak Erdi Aroan. Generoaren eta gizarte klasearen arteko elkargunea eta Gure arbasoak: gure leinu femeninoaren lanketa. Lehendik egin izan diren ikastaroen artean dira twerk saioa, batukada feminista, zoru pelbikoa, etxeko konponketak eta mendi orientazioa.

Lilatoia 2026

Bigarren urtez, Lilatoian Usurbilgo Emakumeon Etxearen talde gisa parte hartzeko proposamena egin du talde sustatzaileak: martxoaren 1ean izango da aurten.

Martxoak 8

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, autodefentsa feminista hastapen tailerra gidatuko du Maitena Monroyk, martxoaren 6an eta 7an. Egunerokoan emakumeek jasaten duten matxismoari buruzko teoria eta indarkeria ikusezinak eta ikusgarriak lurreratzeko ariketa eta dinamika praktikoak eskainiko ditu.

Liburu aurkezpena

Zahartzaroaren maparen bila” saiakera argitaratu berria aurkeztuko du Arantxa Urretabizkaiak, martxoaren 12an.

Kultur ekitaldia

Filipa Balbina: klown emakumeak historian” ikuskizun-dokumentala eskainiko du Bea Larrañaga pailazoak, apirilaren 18an: irudien, zuzeneko ikuskizunaren eta ikusleen arteko elkarrekintza uztartuko dira.

Liburutegi feminista

Liburu feministak eskura daitezke Emakumeon Etxean: maileguan hartzeko aukera dago.

Programazioa (PDF): hemen.