Publicador de contenidos

Ixabel Agirresarobek eta Iñaki Martiarena ‘Mattin’-ek ‘Txulotik’ liburua argitaratu dute, udalaren kultur sormenerako dirulaguntzaren babesarekin

Udarregi bertsolariaren omenez Remigio Mendiburuk egindako Usurbilgo eskultura du ardatz kontakizunak. Urteak daramatzate Agirresarobek eta Mattinek hitzak eta marrazkiak uztartzen, zuzeneko kontaketen bidez: orain, esperientzia hori liburu batean gorpuztu dute.

20·11·2023


Ixabel Agirresarobe Arzallus ipuin-kontalariak eta Iñaki Martiarena Otxotorena ‘Mattin’-ek Txulotik liburua argitaratu dute: Juan Jose Alkain ‘Udarregi’ bertsolariaren omenez Remigio Mendiburuk egindako Usurbilgo eskultura du ardatz kontakizunak. Udalak kultur sormenerako banatzen dituen dirulaguntza jaso dute aurten, eta Denonartean argitaletxearekin argitaratu dute. Gaur, aurkezpen bikoitza egin dute, Usurbilen: prentsaurrekoaz gain, LH5eko haurrentzako emanaldia egin dute, Sutegin.

Agirresarobek eta Mattinek urteak daramatzate elkarrekin lan egiten, bakoitzaren dohainak uztartuz zuzeneko kontakizunetan: Agirresaroberen hitzak eta Mattinen irudiak. Azken urteetan, gainera, euskarri fisikoetara jauzia egin dute, Amona Tomaxaren joan-etorriak argitaratuz, eta esperientzia hori baliatu dute, orain, Udarregi eta Mendiburu elkartzeko. Bi egileek parte hartu dute liburua aurkezteko prentsaurrekoan, eta esker oneko hitzak izan dituzte Usurbilgo Udalarentzat zein Denonartean argitaletxearentzat.

‘Txulotik’ liburuaren sortzaileek azaldu dutenez, bi helburu nagusi ditu liburu honek. Batetik, ondare materiala eta ez materiala ezagutarazi eta transmititzea: “Belaunaldi berriek gure bi artista hauek eta euren jardun aparta ezagutu dezaten nahi dugu: izan ere, testuinguru zailean aritu ziren biak ala biak”. Bestetik, ahozko herri literatura hitzez eta irudiz hornitu nahi izan dute.

Azaldu dutenez, sormen prozesua hitzetik abiatu bazen ere, irudiak hartu zuen garrantzia ondoren. Kolore paleta ausarta eta marra lodiak dira nagusi Mattinen irudietan, aurrera egiteko grinaren eta barruko indarra askatzearen erakusle: Agirresaroberen hitzen freskurarekin, irakurleak aise jarraitu ahal izango du bien artean osatutako kontakizuna. “Zuloaren bestaldean zer ote dagoen kuxkuxeatzera gonbidatzen dugu irakurlea”, bota dute erronka.

Udalaren aldetik, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak parte hartu du aurkezpenean, eta Agirresarobek eta Mattinek egindako “lan ederra” nabarmendu du. Solaberrietaren ustez, gainera, Usurbilgo ondarearen transmisiorako ere baliagarria izango da. “Dudarik gabe, gure ondarea Usurbildik kanpo zabaldu eta ezagutarazteko trena bikaina izango da: Udarregi bertsolaria, bere omenez Mendiburuk egindako eskultura, eta, bide batez, baita Mendiburu bera ere”. Azaldu duenez, horixe da, halaber, 650 Usurbil Bizi proiektuaren oinarrietako bat ere: “Gure herriaren baloreak eta identitatea bultzatzea da proiektu horren helburuetako bat”. Kultur sormenerako 2023ko dirulaguntza deialdian lau lan aurkeztu ziren, eta Txulotik da lan horietako bat; Agirresaroberen Usurbil borobil errioan dabil ipuina da beste bat.

Sinopsia

Remigio Mendiburu eskulturagileak artelan bat egiteko proposamena jaso du: Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura bat egin behar du. Artista sormen prozesuan murgildu da, bete-betean. Prozesu horretan, Udarregirekin elkarrizketa izango du. Bertsolaria ezagutuko du: bere tristurak, pozak, nekeak, etab.

Ohi bezala, umorez eta goxotasunez josita dator kontakizun berri hau.

Liburuaren datuak

Egileak: Ixabel Agirresarobe Arzallus (testua) / Iñaki Martiarena Otxotorena ‘Mattin’ (irudiak).

Argitaletxea: Denonartean.

Orri kopurua: 36.

Neurria: 18x24cm.

Egileak

Ixabel Agirresarobe Arzallus (Usurbil, 1971). Agirresarobe ezaguna da ipuin-kontalari gisa zein aktore gisa egindako lanengatik, batik bat. Horrez gain, dinamizatzaile, irakasle zein antzerki zuzendari lanetan ere aritu da, eta azken urteetan lau liburu argitaratu ditu, guztiak ere Amona Tomaxaren ingurukoak.

Iñaki Martiarena Otxotorena ‘Mattin’ (Donostia, 1967). Mattin marrazkilariak hainbat liburu ilustratu ditu, propioak zein kolektiboak. Bere pertsonaiarik ezagunena ‘Belardo’ da: Euskaldunon Egunkaria-rekin batera jaio zen, eta hura itxi ostean Berria-n haren zintak argitaratzen jarraitu zuen. Bi aldiz egokitu zaio Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka, eta egonaldietako bat Usurbilen egin du, hain justu: 2024an argitaratuko da horren emaitza.