Publicador de contenidos
Atrás Isolamenduak indarkeria sexista areagotu dezakeela eta, protokoloa indartu du udalak
18·03·2020
Etxetik ez ateratzeak indarkeria sexista jasaten duten emakumeen egoera are gehiago larriagotzen duela argudiatuta, indarkeria sexistaren aurkako protokoloa indartzea erabaki du udalak: izan ere, udal-jabetzako etxebizitzak horien esku uztea erabaki du Prebentzio Mahaiak. Ohiko etxebizitza uzteko beharra dutenentzako hiru etxebizitza jar ditzake udalak: bi bizitzera sartzeko moduan daude, eta hirugarrena prest uzteko lanetan ari da udal-brigada.
Hona hemen erasotuak diren emakumeek erabil ditzaketen telefono zerrenda bat:
SOS Deiak: 112
Udaltzaingoa: 943 36 11 12
Usurbilgo Udaleko Berdintasun eta Gizarte zerbitzuak (goizez): 943 37 71 10
Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzua (07:00 - 21:00): 943 22 44 11
Satevi, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako telefono bidezko arreta (24h): 900 840 111
Udalak indarkeria sexistaren aurkako gida bat atera zuen 2019an: jaietan gertatzen diren erasoetan oinarrituta badago ere, zenbait zati bestela ere aplikagarriak dira (irudiak, behean). Esate baterako, erasoa jasaten duenari zuzendutako laguntza-mezuak, edo lekukoei zuzendutakoak. Izan ere, etxeko lau hormen barruan egonda ere, udalak dei egin die herritarrei, bizilagunen bat indarkeria sexista jasaten ari dela susmatzen badute, erantzukizunez jokatu eta erasoa jasaten ari denari laguntzera.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren webgunean, gizarte zerbitzuen atalean, hainbat hizkuntzatara itzulitako gida bat aurki daiteke: euskaraz (arrunta eta irakurketa errazeko formatuan), gazteleraz, frantsesez, errumanieraz, portugesez eta arabieraz.