Publicador de contenidos
Atrás Interes Publiko Goreneko Proiektuen figuraren aurka agertu da Usurbilgo udalbatza
26·11·2021
Usurbilgo EH Bilduk mozio bat aurkeztu du azaroko osoko bilkuran Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuaren harira: taldearen botoekin egin du aurrera, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu baitute. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 legea aldatu eta bertan txertatu nahi duten IPGP Interes Publiko Goreneko Proiektuen figuraren aurkako mozioa aurkeztu du.
Figura hori sortu eta txertatzeak ahalmena emango lioke Eusko Jaurlaritzari “ustezko ingurumen-hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko”, eta, are, “herritarren parte-hartzearekin eginiko udalen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrei inposatzeko, balizko interes orokorreko proiektu horiek toki-eremuko administrazio publikoen irizpidearen aurkakoak izan arren”.
Zentzu horretan, udalen prebentzio-kontrolerako ahala baliogabetuko duela salatu dute. “Lurralde- eta hirigintza-plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat da. Toki-eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzea da, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko”.
Eudeli eskaera
EH Bilduk azaldu duenez, fase aurreratuan dago lege proiektuaren izapidetzea: zuzenketak aurkeztu ondoren, fase aurreratuan dago jada, eta epe laburrean onartua gera daiteke. Hala, legea baldintza horietan onartzeak eragiten dion “kezka” tarteko, udalbatzari eskatu dio Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurka agertzeko. Horrez gain, Eudeli eskatu dio udal-interesak defendatzeko, publikoki ager dezala aurkako posizioa eta dagozkion kudeaketak egin ditzala legea ez dadin baldintza horietan aldatu. Halaber, udalbatzaren erabakia Eudel Euskal Udalen Elkartera zein Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute.
Oposizioa, aurka
EAJk eta PSE-EEk mozioaren aurka bozkatu dute azaroko osoko bilkuran. Jeltzaleen esanetan, figura hori sortzeak administrazioaren esku hartzea “sinplifikatu eta murriztu” egingo du, eta “ingurumen politika koherente bat” ahalbidetuko du. EH Bilduk adostasunak bilatu ordez, proiektuak “atzeko atetik” sartzea ekarriko duela salatu zuen. “Egungo lurralde antolamenduaren irizpide guztiak hankaz gora botatzen ditu EAJren eta PSE-EEren emendakin honek. Datorren urtean onartu eta herritarrekin osatu dugun HAPOak ez du legitimitaterik izango: Jaurlaritzak uste badu Usurbilgo eremu batean zabortegi bat egin behar duela, egin egingo du, udalak nahi edo ez”.
PSE-EEren ustez, legeak ez die autonomiarik kenduko udalei: “Eusko Legebiltzarrean eta Eusko Jaurlaritzan EAEn bizi diren pertsonak ordezkatuta daude; beraz, ez da zerutik datorren zerbait, ez da inposatua izango”.
Mozioa, osorik: hemen.