Publicador de contenidos
13·07·2021
Instalazio fotovoltaiko bat jartzen hasi dira, aste honetan, Udarregi ikastolaren eraikin gorrian: 66 eguzki plaka izango dira. Instalazio hori 24,42 kWp potentziakoa izango da, eta urtean, batez beste, 25.334kWh elektriko ekoitziko dituela aurreikusten da. Instalazio hori, gainera, autokontsumo konpartitukoa izango da: hau da, bertan sortutako energia inguruko eraikinetan autokontsumitzeko modua emango du. Proiektuaren kostua 22.994,93 eurokoa izan da.
Sortutako energia beste eraikinek baliatu ahal izateko, hainbat aukera daude, baina ohikoena instalazioarekiko 500 metroko erradioaren barruan dauden eraikinetara bideratzea izaten da. Kasu honetan, Udarregira, udaletxera, Sutegira, Artzabalera, Zumartera eta Oiardo kiroldegira bideratuko da. Modu horretara, urtean 2.450 euro inguru aurreztuko dituela aurreikusi du udalak, eta 6,32 CO2 tonaren baliokidea den isurpena saihestuko da.
Energia berriztagarrien alorrean beste pauso bat eman du, horrela, udalak. Iaz, esaterako, eguzki plakak jarri zituen kiroldegian.