Publicador de contenidos

Atrás Agerialdeko frontoia estaltzeko obrei %90eko hobaria aplikatzea onartu dute osoko bilkuran, aho batez

Agerialdeko frontoia estaltzeko lanak abiatu asmo ditu Udarregi ikastolak ekainean, eta obra horri lotutako EIOZ zergari %100eko hobaria aplikatzeko eskatu zuen.

26·02·2021


Agerialdeko frontoia estaltzeko obrak egingo ditu Udarregi ikastolak udan. Edozein obra egiteagatik EIOZ Eraikuntza, Instalazio eta Obren Zerga ordaindu behar izaten zaio udalari, eta haren %100eko hobaria eskatu zion ikastolak udalbatzari, “frontoia udal titulartasunekoa delako eta erabilpen publikokoa”. Otsaileko osoko bilkuran aho batez onartu dute %90eko hobaria aplikatzea, Usurbilgo ordenantza fiskalak oinarri hartuta.

Iazko udan egin nahi zituen obra horiek Udarregik, baina Covid19-a dela eta, atzeratu egin behar izan zituzten. Aurten, ondo bidean, ekainean hasiko dituzte lanak, eta, horren aurretik, udalak drainatze lanak egingo ditu apirilean. EH Bilduk azaldu zuenez, Usurbilgo ordenantza fiskalen 11. artikuluak dio obra bat interes berezikotzat jotzen bada edo udal onurakoa dela onartzen badu udalbatzarrak, gehiengo soilaren botoak nahikoak izango dira %90eko hobaria aplikatzeko. Horixe bera proposatu zuen, beraz, EH Bilduk, eta alderdi guztiek bat egin zuten proposamenarekin.

EAJk frontoiaren titulartasunaren inguruko zalantzak planteatu zituen, ikastola itxita dagoenean Agerialdeko atzeko patiora sartzeko atea itxita egoten dela argudiatuta. EH Bilduk, aldiz, argitu zuen ordutegi bat izaten duela, udaltzainek ixten dutela gauean. “Toki estali bat irabaziko du herriak, eta esango nuke ia ziur asteburu osoa irekita egoten dela; hala ez balitz, irekita gelditu beharko luke”.

EH Bilduk azaldu zuenez, ikastolak egingo duen obrak 300.000 euroko aurrekontua du, eta horren arabera, 15.000 euro ingurukoa litzateke ordaindu beharko lukeen EIOZ zergaren kopurua: %90eko hobaria aplikatuta, 1.500 euroan geldituko zaie.