Publicador de contenidos

Atrás Iazko aurrekontuetatik datozen 5,2 milioi euro txertatu dira 2025eko aurrekontuetan

Txertaketa eginda, udalaren 2025eko aurrekontua 20.451.794,71 eurokoa da. Iaz hartutako obligazioei aurre egitea da txertaketaren helburu nagusia. Udal-gobernua kreditu aldaketa prestatzen ari da, aurtengo aurrekontuetatik kanpo gelditu ziren bestelako konpromisoei eusteko.

20·05·2025


Iazko aurrekontuetatik datozen 5.216.600,04 euro txertatu dira 2025eko aurrekontuetan, batik bat, iaz hartutako obligazioei aurre egiteko helburuarekin. Hala, 2025erako onartutako hasierako 15.235.194,67 euroko aurrekontua 20.451.794,71 eurokoa da, dagoeneko. Maiatzaren 8an egindako ezohiko osoko bilkuran eman zuten txertaketaren berri.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak txertaketaren bidez finantzatuko diren inbertsio nagusienak nabarmendu zituen, besteak beste, LED argiteriarako 174.400 euro, Etxealdiko urbanizaziorako 220.230 euro, Etxealdiko igogailurako 804.320 euro, Arrobitxulorako 2,5 milioi euro, haur eskola zaharberritzeko 200.000 euro, ur sistemari lotutako PERTE lanak gauzatzeko 180.000 euro, Txokoaldeko zubia berritzeko udalak ETSrekin hartutako konpromisoari eusteko 100.000 euro eta udaletxeko teilatua berritzeko 150.000 euro.

Horrez gain, udal-gobernua urteko lehenengo kreditu aldaketa prestatzen ari da, Solaberrietak azaldu zuenez, gerakinean 1,5 milioi euro baitaude erabilgarri. 2025eko hasierako aurrekontutik kanpo gelditutako konpromisoei eutsi asmo die udal-gobernuak: Aginagako saneamendua gauzatzea izango da horietako bat, Añarberekin hartutako konpromisoa betetzeko.